
Durango Euskal Jaiak hirugarren asteburuko egitarauari ekingo dio gaurtik aurrera. Domekara bitartean Silboberrik antolatutako Txistu kontzertua, musika eskolako ikasleen kalejira, Alde Zaharreko tabernariek antolatutako kontzertua edo inguruko baselizatik egingo den mendi irteera tartekatuko dira, besteak beste.
Iragarritako ekitaldiak gaur, arratsaldeko 19:00etan, Oihan Vegak San Agustin Kultur Gunean eskainiko duen ‘Euskararen espektakulue’ ikuskizunarekin hasiko dira. Bakarrizketa umoretsu honetan euskararen erabileraren inguruko hausnarketa egitea proposatzen du.
Bariku arratsaldean, Durangoko txalaparta, alboka, trikitixa eta pandero eskolako ikasleak eta Sugarri fanfarrearen kalejira eta Ezkurdi Jai-Alai pilotalekuan jokatuko diren VIII. ‘Peter’ memorialeko finalerdiak izango dira. XVI. Zesta punta txapelketako finalak berriz, zapatuan jokatuko dira, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.
Alpino Tabirak antolatutako ‘Durangaldeko ermitak’ ekimenarekin hasiko dira zapatuko ekitaldiak. Mañariko plazatik abiatuko den ibilaldia Urkuleta, Garaitorre, Urkiola, Saibigain eta Olarreta zeharkatuko ditu Mañarira bueltatu aurretik. Ibilaldian parte hartzeko Madelanatik 9:10ean irtengo den lineako autobusa hartu behar da.
‘Durango Hiria’ lehiaketako hiru pieza
Silboberri txistu elkarteak San Agustin Kultur Gunean eskainiko duen Txistu Kontzertuan, ‘Durango Hiria’ txistu lehiaketara aurkeztutako hiru piezen interpretazioarekin hasiko da. Lehen zatian joko diren pieza guztietan Aitor Amilibia txistularia eta David Cantalejo pianojolea arituko dira. Iñar Sastreren ‘Irriken paisaia’ lanean Klara Mendizabal sopranoa izango dute taldekide; Diego de Amigoren ‘Oma’ obran Elena Arbonies (klarinete baxua), Enrique Campos (bibolina) eta Itziar Basagoiti (txeloa) ere arituko dira eta Jesus Egigurenen ‘Huskeriak’ lanean Anjel Ituarte (kontrabaxua) eta Lander Bilbao eta Nerea Quincoces perkusio-joleekin batera arituko dira.
Txistu kontzertuko bigarren atala Oinkari Dantza Taldeak eta Hika Teatroak eskainiko duten ‘Sagartu’ ikuskizunaren sortze prozesuaren lanketarekin osatuko da.
Iluntzeko 21.00etan Alde Zaharreko tabernariek antolatutako musika kontzertua egongo da Andra Mariko elizpean. Agertokian, Nevadah, 341 eta Zain taldeak arituko dira.
Domeka eguerdian Julene Azpeitia literatur lehiaketaren sari banaketa egingo da San Agustin Kultur Gunean.