
Urriko lehenengo domeka guztiak legez, Errebonbilloen jaia ospatuko da Elorrion aurten ere. Eguneko ezaugarri nagusiak eskopetariek goizaldean zein arratsaldean herrian zehar botako dituzten salbak eta plazan eskainiko duten dantza agerraldia izango dira.
Errebonbilloen konpainia osatzen duten 15 eskopetari, kapitaina eta txistulariek Elorrioko tradizio adierazgarrienetakoari eutsiko diote. Elorriarrentzat berezia den egun honetan, eskopetarien konpainiak Bizkaian mantentzen den armen alarde bakarra jarriko du ikusgai.
Eguneko protagonista nagusiak bi zatitan banatuta gauzatzen den alardea burutuko dute. Lehen saioa goizaldeko bostetan abiatuko da, Herriko plazan botako lehenengo salben ostean.
Erreka kaletik abiatu ondoren, Kurutzondon, garai batean San Lazaro ospitalea zegoen inguruan, Santa Ana komentuan, Kurutziagan, Txanbeliko gurutzearen parean zein herriko beste zenbait leku adierazgarrietan botako dituzte salbak. Baita Alkateak agindutako tokian eta armosua hartuko duten Tanger taberna aurrean ere.
Arrosarioa
Errebonbilloen bigarren agerraldia arratsaldeko bostak aldera hasiko da, Parrokian errezatuko den arrosarioaren ostean. Erdigunean egingo duten lehenengo kalejiran, arrosarioaren Ama Birjinaren prozesioa lagunduko dute hainbat salba joz eta jarraian, goizaldean egindako ibilbidearen antzeko kalejira egingo dute.
Konpainia Herriko plazara itzuli ondoren, armak utzi eta dantza saioari ekingo diote. Agerraldia kapitainak eta atzeskuak eskainiko duten Desafioarekin hasiko da eta eskopetari guztien dantzatuko duten Banan-banakoarekin jarraituko du. Ondoren Aurreskua eta Zortzikoa dantzatuko dituzte, tartean herritarrak dantzan egitera gonbidatzen dituztela. Saioari amaiera emateko Fandangoa, Arin-arina eta biribilketa eskainiko dituzte partaide guztiek.
Paleta partiduak eta txistulariak
Errebonbillo eguneko egitaraua pelota partiduekin eta txistularien ekitaldiekin osotuko da. Goizeko 11:00 nesken gomazko paleta zirkuituko norgehiagoka eta lagunarteko beste bi partida jokatuko dira plazako pilotalekuan, edo eguraldi txarra eginez gero kiroldegiko Hilario Azkarate frontoian.
Durangaldeko txistulariak batzen dituen Jaizale taldeak ere Errebonbillo egunean urtero eskaintzen duen saioa emango du. Ekitaldia eguerdiko 13:00etatik aurrera eskainiko duten kalejirarekin eta ostean Herriko plazan emango duten kontzertuarekin osotuko dute.