Lagun on batek “Tan frescas” liburua oparitu zidan 60 urte bete nituenean. Liburu benetan interesgarria suertatu zitzaidan. Orain ere, noiz behinka, begiradatxo bat botatzen diot. Finean, liburuaren egileak dio 60 urteko emakume bati bizitzako heren bat gera dakiokeela. Garrantzitsua beraz, tarte hori ondo kudeatzea.
Gure amak 89 urte beteta dituela pentsatzen jarriz gero, horrela izan daitekeen zalatzarik ez daukat. Kontua ez da zenbat bizi ordea, kontua “luzaro eta ondo bizitzea” da. Gure bizitzan zehar, edadekook asko entzun, ikusi eta jasan dugu: gerraren krudeltasuna, gerra osteko gosea eta miseria, Francoren diktadura, diskriminazioa, tortura.
Halan zein holan bizitzak zaildu egin gaitu eta aurrera pausuak emateko indarra izan dugu. Inguruko ezberdintasunak ikusita feminista bihurtu ginen, etxetik kanpo lan egin dugu, unibertsitatera joatea lortu, amatasuna eta lana uztartzeko ahalegin handia eginda, ogibide eta soldata duina izan ditugu.
Eta orain zer? Pentsatzen duguna esateko lizentzia hartzen dugu. Injustiziak salatzen ditugu. Feminista izaten jarraitzen dogu. Orain buruko ile zuriak beldur barik erakusten ditugu “tan frescas”. Amodio arazoek ez digute bihotza lehen bezala lehertzen.
Edadeko androk abantaila asko ditugu, halere, egun hauetan edadismoari buruzko ikastaro baterako deialdia jaso dut. Edadismoa adinekook sufritzen dugun dismiminazioa omen da. Hori irakurrita pentsatzen hasi naiz eta ote naizen “mundu fantastiko” baten bizi, edadetasunak sortzen duen diskriminazio horretaz konturatu barik.
Ikastaro antolatzaileek diote gazte eta zaharron arteko zubigintza eraikitzeko estrategiak irakatsiko dituztela 5 asteko ikastaroan. Egia esan, horretaz pentsatu barik bizi izan naiz azken urteotan, baina agian ordua da haunartzeko, antolatzeko eta ideiak ordenatzeko.
Halanda ze, neure kristalezko kaiolatik irten eta ikastarora joatea erabaki dut. Ze, ea gero, konturatu barik, diskriminazio hori sufritzen duenetariko bat naizen!
Animatzen bazarete, hortxe doakizue ikastaroari buruzko informazioa.