
Igor Elortza durangarra izango da aurten Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean lehiatuko den bizkaitar bakarra. Azken unera arte aukerak zituen Miren Amuriza berriztarrak berriz, ez zituen lortu finalean egoteko behar beste puntu zapatuan Iruñean jokatu azken finalaurrekoan.
Elortza laugarren aldiz egongo da Txapelketa Nagusiaren finalean, 2013koan, 2005ekoan eta 2001ekoan egon ondoren. Durangarrak, postu hobeak lortu ditu edizio batetik bestera, bere lehen finalean zazpigarrena izan baitzen, bosgarrena bigarrenean eta orain arte jokatu den azkenengoan, 2013koan, hirugarrena izan zen.
Bost gizpuzkoar eta bi lapurtar
Bizkaiko txapela bost aldiz (1998, 2000, 2002, 2004 eta 2008) jantzi duen durangarrak, bost gizpuzkoar eta bi lapurtar izango ditu lehiakide abenduaren 17an Barakaldoko BEC-en jokatuko den finalean. Agertokian, Maialen Lujanbio eta Unai Agirre hernaniarrak, Aitor Mendiluze andoaindarra, Aitor Sarriegi beasaindarra, Añorgako Beñat Gaztelumendi donostiarra, Sustrai Colina urruñarra eta egungo txapelduna den Amets Arzallus hendaiarra izango dira.
Elortzak ia seguru zuen finalerako txartela azken finalaurrekoa jokatu aurretik. Behin behineko sailkapenean bigarrena zegoen, Maialen Lujanbioren atzetik, eta kontuan izanda beste plaza bat egungo txapeldunarena zela, Amets Arzallusena alegia, beste sei toki gelditzen ziren finaleko zortzikotea osatzeko. Eta Iruñean zapatuan kantatu zuten seiak finalean egoteko txartela eskuratzea zaila baino zailagoa zen.
Miren Amuriza, odoletan
Iruñeko saio horretan lehiatu zena Miren Amuriza berriztarra izan zen. Amurizak saio txukuna egin zuen Anaitasuna kiroldegian, baina ez zituen lortu finalean egoteko behar beste puntu.
Berriztarra profesionaltasun osoz lehiatu zen, kontuan izanda sudurreko odol-isuria etorri zitzaiola lehen bertsoaldian, zortziko handiko lana egiten ari zela. Amurizak sartu irten ugari egin zituen aldagelatik eta odol isuria ez zenez eteten, sudur-zulo bat estaltzen zion gaza batekin egin zuen ekitaldi osoa.
Kartzelako lana amaitu ondoren aldagelako bidea hartu zuen berriro eta puntuazioak entzuteko itzuli zen agertokira. Epaimahaikoen erabakia ez zen berak espero zuena, guztira 652 puntu metatu baitzituen eta kopuru horrekin BEC-eko finaletik kanpo gelditu zen.