
‘DA! asko dira’ lelopean abenduren 5etik 9ra arte egingo den 53. Durango Azokak, 200 kultur ekitalditik gora eskainiko ditu propio jarritako Areto Nagusian, Ahotsenean, Saguganbaran, Kabi@n, Azoka TBn zein Zugaza zineman kokatuko den Irudienean, San Agustin Kultur Gunean egongo den Szenatokian eta Plateruena kafe antzokian.
Landako Gunean jarriko diren 247 standetan “158 argitaletxe, diskoetxe, kultur elkarte, erakunde eta banatzaile” egongo direla azpimarratu zuen Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak aurtengo edizioaren aurkezpen ekitaldian. Azokako erakusmahaietan “439 nobedade aurkitu ahal izango ditugu: 304 liburu, 93 disko, 18 aldizkari, argitalpen elektroniko bat eta 23 bestelakoak. Autoekoizleen plaza ere izango dugu bosgarren urtez, eta 17 autoekoizle egongo dira bertan”, Mujikaren esanetan.
Areto Nagusian kokatuko den Gogoetaren Plaza izango bada Azokaren ardatzetako bat, programazio zabala izango da gainontzeko guneetan. Ahotsenean, esaterako, 70 kontzertu eskainiko dira, tarteko Hesian, Gatibu edo Txapelpunk taldeen lan berrien aurkezpenak edo Pako Aristi, Alaine Agirre, Katixa Agirre, Harkaitz Cano edo Jon Arretxe idazleekin solasaldiak.
Irudienean berriz, ‘Soinujolearen semea’, ‘Muga deitzen da pausoa’ edo ‘Margolaria’ filmen aurre-estreinaldiak iragartzen dira eta Eszenatokian Hikaren ‘Txarriboda’ antzezlana, pieza laburren emanaldia edo Larrua Produkzioen ‘Baserri’ dantza ikuskizuna taularatuko dira.
Kontzertu nagusiak Plateruenan izango dira eta oholtza horretan Esne Beltza, Huntza, Anestesia, Modus Operandi eta Olatz Salvador izango dira.