Durangaldeko herri eta auzo ugaritan piztuko dira aurten ere San Juan bezperako suak. Izan berri den udako solstizioari ongi etorria ematen dion ospakizunak egitarau zabalekin osotuko da.
Durangon esaterako, Herria auzo elkarteak antolatutako ospakizunak iluntzeko 21:00ak aldera hasiko dira bertaratzen direnei txokolatea dastatzera gonbidatuz. 22:30ak aldera hiltegi zaharreko parkeko eta inguruko argi guztiak itzaliko dira, “magiaz beteriko gauari hasiera emateko”, antolatzaileek adierazi dutenez.
Ordu horretan, Kriskitin dantza taldeko 60 dantzari, musikari, abeslari eta antzezle inguru batzen dituen ‘Akelarrea’ ikuskizunaren emanaldia hasiko da. Agerraldia amaitu ondoren, San Juan sua eta su artifizialak piztuko dituzte Kriskitineko kideek.
Zornotza
San Juan bezperako ospakizunak arratsaldeko 18:00etan hasiko dira Zornotzan, Zelaieta parkean ordu horretan jarriko diren umeendako puzgarriekin. 21:00ak aldera bi kalejira abiatuko dira; bata, Batu-Klang perkusio taldearena, Andra Mari eta Gernika plazetan ibiliko da eta bestea, Udazken taldeko gaiteroena, Luis Urrengoetxea, Kalbario eta San Juan kaleetan ibiliko da. Nafarroako parkean amaituko dute beraien ibilbidea kalejira biak, toki horretan piztuko baita San Juan sua.
Berriz
Berrizburu inguruan ospatuko dute berriztarrek San Juan bezpera. Arratsaldeko 19:00etan disko-txiki saioa egongo da eta 20:30ak aldera Gure Izarrak emakume taldearen taberna irekiko da, bertan bokatak eta edariak salgai egongo direla, eta disko festari hasiera emango diote. 22:3ak aldera San Juan bezperako sua piztuko dute.