Gauza jakina da, “herri” hitza aurrretik dagoenean, gauza bat baino gehiago adierazten duela, adibidez: “herri gizon”, “herri langile”·, “herri kantak”, “herri probak”, “kristau herria”, “herri lurrak”, “herri iritzia”, “herri demokrazia”, “herri zerbitzua”, “herri batasuna” etabar….
Hain jakina ez dena da, “hiri” eta Mendebaleko “uri”, bere aldakia, ez dela asko ezagutzen; gehinetan ez delako jakiten. Toponimian esate baterako hainbeste ditugu, gaurko Arabako eta Estellerriko Ullibarri-Ganboa, Ullibarri Nagusia, Ullibarri Lana, Ullibarri Langara, Ullibarri Arratzua, Ullibarri Araka, Ullibarri Arana, Ullibarri Dibina, Ullibarri Ganboa, eta abar. “Uribarri” batzuk ezagutzen ditugu, Arrasaten, Aramaion eta, hemen berton, Durangon. Askok uste dute amabirgina izen bat dela, baina ez dakite “Villanueva de Tabira de Durango” agertzen dela dokumentuetan. Durango eskualdearen izena zen, gaur egun Elorrioko udalerrria den San Agustin Etxebarriko agiritegian agertzen den bezala, orain “Duranguesado” deitzen duguna. Euskaldunak “Uribarri” esaten bai zuten eta ez “Villanueva”.
Hortik dator durangar euskaldun zaharrak “uri basoak” deitzea, Santa Luzia, Neberondo, Bidezelaia eta Santikurutz basoei, alegia. Gaurko Durangok beharrezko zituelako jabetasun publikoak, besteak beste, hain premiatsu zen aspaldiko garaietan “nebera” bat. Ezagutzen genuen Kabildosteko Eujenio Ereñaga, berentzat, “uri” bai zen “villa/municipio” eta horregatik erabiltzen zuen “uri basoa” hitza. Uste dut gehiago baliatu behar genukela berba hori.
“Herri” aurrizki bezala askotan agertzen da, bai literaturan eta baita herri usadioan, ez horrenbeste “uri” bere hemengo aldakia. Gehiago erabili beharko genuke, gure Udalak, aurrengoz. Oker ez banago bai Astarloa Tabirako parrokoak eta baita Bartolome Ertzilla kantagileak ere. Ez dut aztertu Mendebaldeko beste “uri” batzuetan erabili den, Gerrikaitz, Gernika, Markina, Billerle, Mungia, Plentzia, eta gainontzeko urietan. Interesgarria litzateke.
Jose Luis Lizundia Askondo, euskaltzain emeritua.
Eskerrik Jose Luis zure jakintza partekatzeagatik. Ea sarriago idazten duzun