Balendin Berrio-Otxoa gogoan izateko ospakizun xumea egingo dute aurten Elorriok eta elorriarrek, Udaletik ez baita egitarau ofizialik prestatu. Hala ere, hainbat ekitaldi egongo dira bihar, egunean zehar, produktu ekologikoen azoka edo Musikaire jaialdiaren lehen agerraldia tarteko.
Azken urteetan Eusko Jaurlaritzako edo Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkari politikoak Elorrion izan dira Bizkaiko zaindariaren eguna ospatzeko, baina aurten Udalak ez du inor gonbidatu eta interesatuek horren inguruko “gutuna jaso dute azalpenekin”, udaletxetik adierazi dutenez.
Beraz, aurreko urteetan udaletxetik Elizara egindako ‘Alkate soinua’ zein meza ostean Berrio-Otxoa kalean Iturrizoro elkartearteak egiten zuen pintxo dastaketa, oraingoan ez dira egingo.
Mantentzen diren ekitaldiak goizeko 10:00etan herriko txistulariek egingo duten kalejira eta eguerdiko 12:00etan Mario Izeta Bilboko Elizbarrutiko Gotzaina buru dela emango den meza izango dira. Beste bi meza ere izango dira egunean zehar, 10:00etan eta 19:00etan.
Azoka eta kontzertua
Hala ere, bestelako ekimenak egongo dira egunean zehar, egutegian hala egokitu delako. Goizean eta eguerdian XXIV. Durangaldeko Nekazaritza Ekologikoaren Azoka egingo da Herriko plazan. Elorrixa Ekologi Taldeak eta Marisatsak prestatutako ekimenera ekoizpen sistema horretaz baliatzen diren hainbat ekoizle gerturatuko da euren produktuekin.
EHNE sindikatua, Ekologistak Martxan, Eko Lurra eta Ekokontsumo federazioaren laguntzarekin antolatutako ekimenak hasiera emango dio Euskal Herriko udako azoka ekologikoen egutegiari. Gainera, uztaileko lehenengo zapatuan egiten denez, aurten bat egingo du Berrio-Otxoa egunarekin.