
Ezinbestekoak bilakatu diren Egun Zuriko koplekin hasiko dira bihar Durangoko Karnabalak. Udalak jarduera ugariko egitaraua prestatu du martitzenera arte, baina egun hauetako osagai nagusiak mozorroak eta dibertsioa izango dira.
Eguen Zuriko koplak, bihar kalez kale entzun ahal izango dira, herriko ikastetxeetako ikasleek abestuta. Goiztiarrenak Kurutziaga ikastolako ikasleak izango dira 9:30ean ekingo baitiote kantatzeari. Ordu erdi geroago Landako eskolako eta Jesuitak ikastetxekoen txanda izango da; 11:00etan San Antonio ikastetxeko eta Institutuko ikasleak irtengo dira, eta 11:15etik aurrera Nervers ikastetxeko ikasleak entzuteko aukera egongo da.
Zapatuan zehar, Landako Gunean egongo diren jolas libreko gunearekin eta haur parkearekin disfrutatzeko aukera izango dute haur eta gaztetxoek. Eguerdian, Auzo Alai elkarteak birziklatutako materialarekin mozorroak prestatzeko tailerra antolatu du Madalena auzoan.
Surrandien kalejira
Arratsaldeko 18:00etan 25. urteurrena betetzen duen Surrandien eta hartzaren konpartsa irtengo da Merkatu plazatik, Kriskitin dantza taldea, Jaizale txistularien taldea eta Tabira musika bandaren partaidetzarekin. Ibilbidea Landako Guneko plaza, Ermodo plaza, Madalena, Ezkurdi plaza, Herriko gudarien kalea, Josemiel Barandiaran, San Agustinalde, Alde zaharra eta Andra Marin zehar izango da eta hainbat geldialdi egingo dira dantza saioak eskaintzeko.
Domekan Landako Guneko jolas libreko gunearekin eta haurrentzako parkearekin gozatzeko aukera egongo da, eta eguerdian, eguraldiak laguntzen badu, parkour tailerrak izango dira Tabiran, bertako auzo elkarteak antolatuta.
Arratsaldeko 18:00etan berriz, ‘I love rock and roll 2’ familientzako ikuskizuna eskainiko da Plateruena kultur aterpean.
Astelehenean eta martitzenean ere jolas libreko gunea eta haurrentzako parkea izango dira. 12:30ean Kidam eta David Blanco magoek ‘Magia hurbiletik’ ikuskizuna eskainiko dute Otamotzenako auzogunean, Herria auzo elkarteak antolatuta.
Arratsaldeko 17:00etatik aurrera ‘Denboraren bankua’k eskainitako tailerrak izango dira Landako Gunean, eta Dj Jon Kassek 17:00etan eta 20:00etan girotuko dituen musika festekin osatuko da aurtengo egitaraua.