
Euskotrenen trenbidea lurperatze lanen ondoren Matienako Galizia plazan egin behar ziren lehengoratze lanak egin gabe daudela eta jarritako itxitura metalikoak bere horretan jarraitzen dutela kritikatu du Abadiñoko EH Bilduk. Hori dela eta “alkateak ez zituela bere ardurak bete” azpimarratzen dute eta udalak lehengoratzea exijitu behar ziola Euskotreni.
“Euskotenek Matiena eta Durango lotzen dituen trenbidea lurperatu zuenetik” denbora asko igaro dela dio EH Bilduk eta obrak bukatu ostean “inguruko bizilagunei ahalik eta kalte gutxien eragiteko” jarritako itxitura bertan jarraitzen duela.
Horren arrazoia gobernu taldeak ez zuela aurreikusi “obrak bukatu osteko lehengoratze proiektu bat” eta ondorioz, bizilagunak “ondorioak pairatzen” ari direla diote. Lehengoratze lanak Euskotrenen erantzukizuna badira ere “udalak kontuan hartuta eduki behar zuen” lehengoratzea zein epe eta baldintzatan egin behar zen eta horren jarraipena egin.
Bere ardurak bete ez izanaz gain, alkateak auzotarrei emandako hitza ez zuela bete salatu du EH Bilduk. Talde honen esanetan José Luis Navarrok auzotarrei “zin egin zien ihazko irailerako proiektua martxan egongo zela” baina ez zen horrela izan eta oraindik “ez dago ezer zehaztuta exekuzio faserako”.
Gaur gaurkoz “Euskotrenek ez du aurrekonturik aurreikusi proiektua gauzatzeko”, nahiz eta proiektua idazteko aurrekontua aurkeztu. Udal gobernua, gainera, “arazoari behin betiko irtenbidea emango dion proiektu bat badela” eta Galizia plaza urbanizatzeko probestuko duela esaten badu ere, ez duela horretarako proiekturik ezta aurrekontu propiorik aurkeztu salatu dute.