
Markina-Xemeingo pilotalekuak Bizkaiko Taldekako Bertsolari Txapelketa hartu zuen zapatuan eta bertan lehiatu ziren ‘Iurretako Bertso Eskola’ eta Abadiñoko ‘Koipelustre’s’ek ezin izan zuten garaitu finaleko hirugarren taldea, Markina-Xemeingo ‘Akerbeltzen antxumeak’. Goizean jokatutako eskolarteko bat-batekoan berriz, Iruri Altzerreka berriztarra izan zen txapelduna.
Arratsaldeko 17:00etan hasi zen Bizkaiko Taldekako finala, Maddi Ibaibarriaga eta Ainhoa Urien izan zirela gai-emaile lanetan. Iurretako bertsolariek Justo Alberdi, Kristina Mardaras eta Iker Apraiz izan ziren eta Koipeluestre’s-en hirukotea Aitor Bizkarra, Igor Galarza eta Txaber Altubek osatu zuten. Hirugarren taldea, herriko Josune Aramendi, Nahia Ibarzabal eta Nerea Ibarzabal bildu zituen.
Egin beharreko lanak egin eta gero, epaimahaikideek ‘Akerbeltzen antxumeak’ talde markinarra izendatu zuten txapeldun. Erabaki horretan zer esan handia izan zuen bertaratutako ikuslegoa, zaleek ere bozkatzeko aukera izan zutelako.
Bizkaiko Taldekako Txapelketan, 30 taldek parte hartu dute, eta modu autogestionatuan antolatu dituzte txapelketako saio guztiak.
Iruri Altzerreka txapelduna
Zapatuko egitaraua goizean hasi zen, idatzizko zein bat-bateko Bizkaiko Eskolartekoarekin. Bertan, Bizkaia osotik gerturatutako 200 gazte inguru bildu zen.
Bat-bateko txapelketan 14 eta 18 urte bitarteko 40 gaztek parte hartu dute eta txapelketa irabazi zuen Iruri Altzerrekarekin batera beste zazpi bertsolari izan ziren Markinako finalean, eskualdeko Bittor Altube eta Gorka Pagonabarraga tarteko.
Partaideen eginbeharra zortziko handian ofiziotan, zortziko txikian ofiziotan eta bakarkako gaiari erantzutea izan zen. Horren ondoren Altzerrekak eta Busturialdeko Beñat Bilbaok egin zuten aurrera buruz burukoa jokatzeko. Azken saioan berriztarrak pilatu zituen puntu gehien eta txapela bereganatzeaz gain datorren zapatuan Saran jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko finalean egoteko eskubidea ere lortu zuen.
Idatzitako Eskolarteko Txapelketak 200 gazte inguru batu zituen. Hauek ordu bete izan zuten gai-jartzaileek proposatutako bertsoak egiteko. Partaideek mailaka lehiatu ziren eta DBH1. mailako lehiaketa Berrizko institutuan ikasten duen Araitz Katarain mallabiarrak irabazi zuen.