Abadiñoko Udalak 125.969,57 euro (BEZ aparte) bideratuko ditu Zelaieta Herri Eskolako irisgarritasuna hobetzeko, diru-kopuru horretan esleitu baitizkio lanak Asfaltados y Construcciones Morga, S.L. enpresari.
Jarduketa horrekin “Zelaieta Herri Eskolako barruko sarbidea berriro urbanizatzea” gauzatuko da, Gobernu Taldeko kideen arabera. Egingo diren lanek irisgarritasuna hobetuko dute, desnibelak kenduta “eta batez ere oinezkoek erabiliko duten plataforma bakarra” osatzea ahalbidetuko dute.
Desnibelik ez duen plataforma bakarra lortzeko xedez, lehendik dagoen bidea zintarrien kotaraino igotzea eta energia- eta telekomunikazio-zerbitzuen sareak egokitzea aurreikusten da.
Lehentasuneko lana
Egingo den lana “lehentasunekoa” da eta ikastetxearen ohiko jarduera ziurtatu eta hezkuntza-komunitate osoaren segurtasuna bermatu behar dute, kontrataziorako pleguetan jarritako irizpideen arabera. Izan ere, “lanek datorren ikasturtearen lehenengo hilabeteak ere hartuko dituztelako”, Udaletik adierazitakoaren arabera.
Bestalde, jolastokiko jolasgunea eraberritzeko obrak gauzatzen ari dira, inklusibitate-irizpideak erabilita. Jarduketa horrek 25.228,50 euroko aurrekontua du.
Oro har, Zelaieta Herri Eskolaren irisgarritasuna hobetzeko funtsezko bi jarduketa izango dira, eta Udalak 109.825 euroko diru-laguntza lortu du horietarako, Eusko Jaurlaritzaren Jolastoki Inklusiboak 2023 programaren kontura.