
Abadiñoko EH Bilduk Abiadura Handiko Trenaren “obrak gelditzea” eskatu die herriko agintariei, azpiegitura gauzaten dabilen enpresa “hainbat baimen izan gabe” ari delako lanak egiten. Egin beharrekoi ekin aurretik, “trafiko eta segurtasun txostenak entregatu” behar direla uste du talde soberanistak.
AHTren lanak “alarma egoeran” hasi zituztela kritikatzeaz gain, obren jarraipena egoten ari direla eta auzotarrekin harremanetan daudela adierazi dute Abadiñoko EH Bildutik.
Alderdi honen arabera hiru dira egindako irregulartasun nagusiak. Alde batetik, “kamioiak eta makinaria, baimenik gabe aritu dira udal errepideetatik”; bestetik, Irazola inguruko basoetatik “zuhaitzak ateratzen ari dira inolako baimenik tramitatu gabe”; eta azkenik, “inolako baimenik gabe” Irazolako bizilagun baten “lursailetan sartu eta hainbat marka” jartzea.
EH Bilduk Abadiñoko Gobernu Taldea osatzen duten EAJ eta AIri “Abadiño babestea” eskatzea gain, “obren jarraipena” egitea eta “baimenik ez dagoen bitartean obrak gelditu ditzala” ere beharrezkoa dela uste du EH Bilduk.
Alderdi soberanistaren arabera AHTa “PNVren lehentasun nazionala” da, nahiz eta azpiegitura hori gauzatzeko “gure aztarnak, gure ingurunea, Abadiñoko altxorrak izorratu” egingo diren. Gainera, herria zeharkatuko duen tartean “93 milioi euro” xahutuko dira “merkantziarik garraiatuko ez duen eta Europarako konexioa kolokan dagoen trenbide bat egiteko”, adierazi dute.