Abadiñon eta Mallabian uda honetan egingo diren udalekuetarako izena emateko epea ireki dute herri bietako Udalak.
Abadiñon egingo diren Ludoteka eta Herri Udalekuko programak 3 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta daude eta parte hartzeko ezinbestekoa da udalerrian erroldatuta egotea edo bertan ikastea.
Ludotekaren jarduera 2016 eta 2019 artean jaiotako umeei zuzenduta dago, eta Zelaieta Eskolan egingo da ekainaren 27tik uztailaren 15era bitartean, 9:30etik 13:30era. Herri Udalekuak programa berriz, 2010 eta 2015 artean jaiotako umeei dago zuzenduta, eta jarduerak data eta ordutegi beretan egingo dira Traña-Matiena Eskolan.
Jarduera horien prezioa 80 eurokoa da aldi osorako eta ezin izango da aste bakarrerako izena eman. Bigarren semeak edo alaba zein familia ugariek hobariak izango dituzte.
Aurten, kontziliazioa errazteko helburuarekin, behar duten familiek haurtzaindegi-zerbitzua eskatu ahal izango dute doan.
Izen ematea Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan egin daiteke, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 20:00etara, ekainaren 6a arte.
Mallabiko udalekuak
Mallabiko udalekuak 4 eta 16 urte bitarteko haur eta gaztetxoei zuzenduta daude eta ekainaren 27tik uztailaren 22ra burutuko dira, astelehenetik ostiralera 9:30etik 13:00etara. Guztira 60 plaza eskainiko dira eta udalerriko umeek lehentasuna izango dute.
Izen-emate orriak Kultur Etxean daude eskuragarri eta egitasmoaren berri emateko asmoarekin familientzako informazio-bilera egingo da ekainaren 23an, 18:00etan, parkeko aterpean.