
Abadiñoko Udalak Ferialekuan garatuko duen proiektua dela eta, bilera informatiboa deitu du EH Bilduk gaur bertarako iluntzeko 19:00etan hasita, plazan bertan. Solasaldian gune horretan dauden arbolen etorkizunari buruz zein bertan gauzatu nahi den proiektuari buruz hitz egingo dute.
Bilerako solaskideak Mikel Urrutia, EH Bilduko zinegotzi eta alkategaia; Iñaki Usabel, udaletxeko baso eta zuhaitzen mantenuaren arduraduna eta Unzalu Salterain, EHNE Bizkaiko arduraduna izango dira.
EH Bilduren arabera “Udalak ferialekua urbanizatzeko idatzi duen proiektuan bertako zuhaitz guztiak kentzea aurreikusten da horien ordez askoz txikiagoak landatuz”. Alderdi horren ustetan “ingurua zuhaitzetara egokitu ordez alderantziz egingo dute” eta horren arrazoia “ustezko zuhaitzen osasun egoera omen da”.
Iritzi horren aurrean, azken hamarkadetan udaletxean basoetako arduradun izan den Iñaki Usabelek “teknika sinple batzuk erabilita badagoela egungo zuhaitzak luzaroan mantentzea” adieraziko du, EH Bilduren esanetan.
Plaza horretako arbolak “Abadiñon sinbolo bat dira” alderdi soberanistaren arabera eta zuhaitzak kentzeak eragingo duen inpaktuaren eta ematen duten funtzioaren inguruko “azterketak egitea eskatu diogu udal gobernuari”.