
Abadiñoko biztanleek ordaintzen duten Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (IBIa gaztelaniaz) jaisteko zenbait ekimen hasi ditu IBIa jaisteko herritar talde batek. Ergileen esanetan “Abadiñoko etxebizitzen IBI tipoa Durangaldeko altuena da eta Bizkaiko altuenetarikoa”.
Herritar talde hori sinadurak batzen hasi da eta dagoeneko “ehunka herritarrek beraien atxikimendua eman diote eskariari”. Jasotako atxikimenduekin udaletxeko pleno aretoan bihar, arratsaldeko zazpietan, egingo den osoko bilkuran eztabaidatzeko erregistratu duten mozioa indartu nahi dute. Gainera, bertara hurbiltzeko ere deia egin dute.
Talde honek ezagutzera emandako datuen arabera, Abadiñoko Independenteak eta EAJ alderdiek hartutako erabakiaren ondorioz, herriko ondasun higiezinei ezarritako tipoa %0,25ekoa da 180.000 euro arteko balio katastrala duten etxeentzat, eta %0,32koa 180.000 eurotik gorako balioa dutenentzat. Hau da, lehenengo kasuan dauden jabeek 250 euro ordaintzen dituzte eta bigarren kasuan daudenak 320 euro. Iurretan berriz, 235 euro ordaintzen dira; Durangon, 205 eta 290 euro bitartean; Elorrion 203 euro; Berrizen, 150 euro; Atxondon eta Zaldibarren 120 euro eta Mallabin 72 euro.
Katalogazioa okerra
Katastroa berrikustea eta IBI zerga eguneratzea 2016an egin zuen Bizkaiko Aldundiak, “40 urtez eguneratu barik egon ondoren”, talde horren esanetan. “Aldundiak hile gutxi batzuk baino ez zituen erabili dokumentua berrikusteko, eta zelan lan hori arrapaladan egin zen, katastro eguneratuan etxeen katalogazio okerra egin da eta etxeen balio katastrala ikaragarri igo da”.
IBIa jaisteko herritar taldeak ateratako kontuen arabera “2017ko urtaldian Abadiñoko Udalak 643.728 euro gehiago batu ditu IBIarekin, eta 2018rako egindako IBIaren modifikazioekin 482.379 euro gehiago batzea espero du”. Zerga horren bidez “Gobernu taldea dirutza bat batzen ari da IBIagaz, baina horren truke ez ditu eskaintzen zerbitzu gehiago”.
Biharko plenora sartutako mozioarekin herri osoko etxebizitzen IBI tipoa jaitsi dadila eta zerga duin bat ordaintzeko moduko tipoa jar dezatela eskatzen dute. Gainera, “baserri gehienei eragiten dien 180.000 euroko langa” kentzea eskatu dute, “baserri gehienei %0,32ko tipoa” aplikatzen zaielako.
Talde honek sinadura bilketarekin jarraituko du gaur ere change.org-eko ‘Abadiñoko IBI-aren zerga jaitsi’ interneteko plataformaren bidez eta Traña-Matiena, Zelaieta eta Muntsaratz auzoetako zenbait tokitan.