Abadiñoko igerilekuetako eta kirol zentroetako langileen lanuzteak eta geldialdiak direla eta, biharko udalbatzan eztabaidatzeko mozioa aurkeztu du EH Bilduk. Langileen lan baldintza duinak eskatzeaz gain, erabiltzaileei eragiten dizkien eragozpenak emendatzeko kalteordainak zehaztearen beharra adierazi dute.
Talde soberanistak aurkeztutako testuaren arabera, igerilekuetako eta kirol zentroetako langileek “lan baldintza duin batzuen alde 16 hilabete negoziatzen egon ondoren”, egun osoko greba egunak deitu dituzte Bizkaia osoko instalazioetan. Langileen eta patronalaren arteko “akordio bat erdietsi ezean”, geldialdiak areagotu egingo direla aurreikusten dute.
Egoera horren aurrean, eta “erabiltzaile gehienak abonatuak direla” kontuan hartuta, igerilekuak kudeatzen dituen Emtesport enpresaren diru iturriak mantendu egiten dira, eta “greban ari diren langileen soldatak aurrezten ari dira, era horretan irabaziak handituz”.
Lan Hitzarmena
“Bizkaiko igerilekuetako eta kirol zentroetako langileei lan baldintza duinak bermatuko dizkien Lan Hitzarmena adosteko langileen ordezkariekin”, eskatzen diote patronala den CEBEKeri.
Horrez gain, “erabiltzaileei eragiten dizkien eragozpenak emendatzea” eskatzen diote Astolako kiroldegia kudeatzeko azpikontratatua dagoen Emtesport enpresari. Gainera, erabiltzaileen kalteordainak zeintzuk diren enpresaren eta udal ordezkarien artean adosteko beharra adierazi dute “epe ahalik eta laburrenean”.
Azkenik, “etorkizunari begira” eta zerbitzua publifikatzeko borondatea erakutsi ondoren, “hori posible egin ahal izateko aukerak” aztertzearen beharra azpimarratu du EH Bilduk. Kudeaketa aldaketa horrekin, izan ere, “zerbitzuaren jarraipen hobea egin eta langileentzako lan baldintza duinak” bermatuko direla uste dute.
Aclaración
Dónde pone Voz sería Vox.
Dónde pone distrito seria sustituto en Juntas.
Lo siento, el corrector….