
Abadiñon sortu berri den Katalamixon asti taldeak, taldearen aurkezpen ekitaldi bi egingo ditu bihar herriko bi auzo nagusietan. Gurasoei eta haurrei zuzendutako lehen deialdia Txanportako Kultur Etxean izango da arratsaldeko 18.00etan eta ordu bete geroago bigarren aurkezpena egingo dute Traña-Matienako Errota Kultur Etxean.
10 eta 15 urte bitarteko gazteei “aisialdi alternatiba bat eskaini” nahi dien talde berria bada ere, taldeko sustatzaileko hainbat kide herriko gazteen astia dinamizatzen jardun dira azken bi urteetan Udaletxearentzat, Berbaro elkartearen bitartez.
Katalamixon asti taldea sortu duten gazteek 16 eta 27 urte bitarte dituzte eta guztiek astialdiko hezitzaile titulua dute edo hezkuntzarekin lotutako ikasketak egin dituzte. Ekimena bultzatu duten kideak “15 gara, baina bakoitzak duen konpromiso maila desberdina da”, Ander Saetero taldekidearen esanetan.
Talde sortu berriak lokala eskatu dio Udalari euren jarduera gauzatu ahal izateko “baina erantzunaren zain gaude”. Gainera, Abadiñoko Udalak ume eta gazteen astia kudeatzeko deialdira ere aurkeztu dira Katalamixoneko kideak eta lehiaketa horren esleipena beraientzat izan edo ez izan, taldearekin aurrera egiteko asmoa agertu dute.