
Abadiñoko Udalak enpresa berriak sortzeko ideia-lehiaketa antolatu du eta Traña-Matiena, Zelaieta edo Muntsaratz hiriguneetan kokatu behar den enpresa berria martxan jartzeko proiektu onenak 5.000 euro eskuratuko ditu. Lehiaketa ez dago zuzenduta Abadiñoko biztanleei bakarrik, baina sustatzailea Abadiñon erroldatuta egoteak puntu gehiago emango ditu.
Ekimen honekin “enpresa eta enplegu berriak sortzea bultzatu nahi du Udalak, koronabirusaren krisiak eragindako kalteei aurre egiteko pizgarriak behar diren garai honetan”, Iñaki Rekalde Abadiñoko Ogasun, Ekonomia Sustapen eta Enplegu zinegotziaren esanetan.
Lehiaketarekin “produktu, prozesu edo zerbitzuetan ekimen berriak ekartzeaz gain aberastasuna eta enplegua sortzeko eta Abadiñoko merkataritza suspertzen laguntzeko gauza diren enpresa-ideiak” saritu nahi dira batez ere.
Proiektuak aurkeztu aurretik, Durangoko Merindadeko Mankomunitateko Behargintza zentroan doako aholkularitza jasotzeko aukera izango dute ekintzaileek.
Proposamen irabazlea aukeratzerakoan, herrian erroldatuta egoteaz gain, originaltasuna, negozio-planaren definizio-maila, enpleguaren sorrera eta aukera-berdintasuna ere kontuan hartuko dira. Alkatea izango da Balorazio-batzordeko presidentea, eta bertan egongo dira baita ere udal-taldeetako ordezkariak eta Udaleko eta Berhagintzako teknikariak.
Proiektu irabazleak 5.000 euro jasoko ditu ideia martxan jartzeko. Diru horretatik %80a enpresa berria martxan jarritakoan emango da, eta gainerako %20a martxan jarri eta handik urtebetera. Ezarritako epean eskatzaileek beren enpresa-proiektuaren negozio-plan bat aurkeztu beharko dute, beste dokumentu batzuekin batera.