Abadiñok Udalak kanpoko enpresa bat kontratatu du udalerrian Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obren jarraipena egiteko, betebehar eta eskakizun guztiak zorrotz betetzen direla ikuskatzeko eta herritarren zalantzei erantzuteko.
Abadiñoko AHTren lanek “eragina dute, batez ere landa-inguruko auzo batzuetan”, Udaletik adierazi dutenez. Obrari dagokion araudia zorrotz betetzen dela ikuskatzeko eta zaintzeko helburuarekin, Udalak kanpoko enpresa bat kontratatu du. Horrez gain, ingurunean inpaktuak arintzeko neurri zuzentzaileak hartzeko eskatuko du.
Kontratatutako enpresaren langile adituek “herritarren kontsultak jaso eta artatuko dituzte”. Horretarako, harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa egokituko dira, eta hilean behin arreta aurrez aurre emango da udal lokaletan.
Bilera Txanportan
Kontratatutako enpresak udalerriari eskainiko dion zerbitzuaren eta herritarren zalantzei emango zaien arretaren berri emango da bihar, eguaztena, hilak 6, 18:30ean Txanporta Kultur Etxean egingo den bileran.
AHTren proiektuak “inpaktu handia du ikuspuntu askotatik, eta Abadiñoko hainbat eremutan dituen eraginak larriak dira”, Mikel Urrutia Abadiñoko alkatearen esanetan. Hori dela eta, “Udalak arduraz jokatu eta gertutik jarraitu behar du, etengabeko informazioa izateko eta landa-auzo horietan, sarbideetan eta pertsonengan aurrez ezarritakoa baino eragin negatibo handiagoa izango luketen desbideratzeak saihesteko”.