Udalerriko bide publikoak ikertzeko asmoarekin, azterketa teknikoa eta tokian tokikoa eskatu dio Abadiñoko Udalak Ingeniería Sendo S.L. enpresari. Egitasmo horren helburua “titulartasun publikoko bideen zerrenda izatea da”, baita “auzo-liskarrak saihestea”, Udal arduradunek adierazi dutenez.
Ikerketa horren bidez, “Abadiñoko bide publiko guztien titulartasunari, eskubideei eta erabileren ordenantzari buruzko erreferentziazko dokumentua” gauzatu ahal izango da.
Landa bideak, izan ere, gatazka-iturri dira batzuetan, eta, “askotan, udal-zerbitzu teknikoek ez dute arazo horiek konpontzeko administrazio-tresnarik, ezta zein tartetan duten eskumena zehatz zehazteko ere”. Horretarako egungo araudiaz eta legeriaz gain, informazio deskriptibo eguneratua eta administrazioen arteko eskumen-arazoak argitu ahal izango dituzte.
Azterketa teknikoa 10 hilabetez luzatuko da eta metodo historiko-geografikoa aplikatuta egingo da. Ikerketak, mota guztietako bideak hartzen ditu kontuan; bai gurpil gaineko ibilgailuek erabiltzeko bide nagusiak, zein oinezkoentzako edo zolatu gabeko edo erabilera tradizionaleko bideak izan (gurdibideak, bidezidorrak eta abar).
Herritarren partaidetza
Proiektuak, gainera, udalerriaren eta berau osatu duten landa-guneen bilakaera historikoan funtsezkoa den bide-sarea berreskuratzeko aukera emango du.
Ikerketa burutuko duen lantaldea, mendi ingeniari batek, ingeniari kartografo batek eta bideetan aditua den pertsona batek osatzen dute.
Txosten teknikoa egiteko, “funtsezkoa da Abadiñoko bizilagunen parte hartzea, baldin eta ezagutzen duten eta euren ustez publikoa den bide bati buruzko edozein informazio eman gura badute, abandonatuta edo erabili barik badaude ere”, Udal arduradunen esanetan. Horretarako, 656 703 210 telefono zenbakia prestatu da.