Abadiñoko Udalak etxebizitzak alokatzeko 2023ko laguntzak eskatzeko epea zabalduko du ostegunean. Aurten, laguntza horiek arautzen dituen ordenantzan eguneraketak egin dira, 18 eta 35 urte bitarteko gazteei (biak barne) bideratuko zaizkien laguntzak sailkatzen dituzten taulan. Izan ere, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata eta KPIaren igoera kontuan hartu dira. Eskaerak ostegunetik aurrera egin daitezke, azaroaren 22ra bitarte.
Eskatzaileen baldintzei dagokienean, hauek dira horietako batzuk: 3 urtez Abadiñon erroldatuta egotea eta bizikidetza-unitatea pertsona batek osatzen badu gehienez 20.413 euroko diru-sarrera edukitzea, edo bizikidetza-unitatea pertsona bik osatzen badute gehienez 40.355 euroko diru-sarrerak edukitzea, besteak beste.
Horrez gain, etxebizitzek bete beharreko baldintza batzuk ere zehazten dira dirulaguntzaren baldintzetan. Esaterako, ezin dira Babes Ofizialeko Etxebizitzak izan, azpialokairukoak edota Logelen alokairuak. Baldintza guztiak udalaren web orrialdean daude eskuragarri. Alokairuaren %50era arteko edo gehienez 250 euroko laguntza izango dute onuradunek. Etxebizitza Plana
Eguneraketa horiek ez ezik, Abadiñoko Udala bukatzear duen ikerketaren bidez, Etxebizitza Plana idazteko aurrerapausoak ematen ari da. Herriko metabolismo demografikoaren eta etxebizitza beharraren azterketa egiten ari da, halako lanetan aditua den enpresa bat kontratatuta.
Analisi sozioekonomikoak
Etxebizitza Plana, besteak beste, gazteen emantzipazio-prozesuetarako edo etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako prestatuko da, Udal Gobernuak Legegintzaldi Agendan zehaztu zuen bezala. Udalaren helburuetako bat da, laguntza horiek atzerapenik gabe helaraztea herritarrei, eta onuradunek hilean-hilean edukitzea eskuragarri laguntza hori.
Azterketak hainbat puntu ditu. Alde batetik, analisi demografikoak eta sozioekonomikoak egin dira, biztanleriaren jarduera-tasa, langabezia tasa edo okupazioa neurtuta. Bestetik, etxebizitzen beharrari, etxebizitza hutsen kopurua,
horien merkatuari (alokairua eta erosketa) eta Abadiñoko etxebizitza-parkeari buruzko azterketak egin dira.