Abadiñoko Udalak harrera egin die Atxarte Egoitzan dauden egoiliarrei, haien familiei, profesionalei eta boluntarioei, adimen-desgaitasuna duten pertsonekin lan egiten duen Gorabide Elkartearen 60. urteurrena dela eta.
Urteurren ospakizunak, Gorabidek zentroak eta zerbitzuak dituen udalerri guztietan ari da egiten, eta Abadiñoko Udala “oso garrantzitsua da gure elkartearentzat”, Txema Franco elkarteko zuzendari gerenteak adierazi duenez. Mikel Garaizabal alkateak eta Javi Crespo Gizarte Ongizateko zinegotzi eta alkateordeak egindako harrerara 30 lagun inguru gerturatu da.
Atxarte Egoitza 1984tik dago herrian eta urte hauetan egindako “lan isila eta iraunkorra” dela adierazteaz gain “ezinbestekoa eta egunerokoa, gaitasun desberdinak dituzten pertsonak gizarteratzeko eta ikusarazteko” zeregina azpimarratu du Garaizabalek. “Gorabidek oso bide garrantzitsua ireki zuen eta bere lana sendotzen jarraitu du, administrazio publikoak inplikatuz”, Cresporen esanetan.
Gorabideren erabiltzaileen izenean, Jose Ramón Ugarrizak eskerrak eman die harrerarengatik, eta gogorarazi duenez, adimen-desgaitasuna duten pertsonok “laguntzak baino ez ditugu behar beste pertsonen berdinak izateko”.