Abadiñon etxebizitza alokatzeko udal-laguntzak jaso ditzaketen pertsonen profila eta benetako egoera jakin nahi du Udalak, “kolektibo horren ahalik eta irudi errealena” lortzeko helburuarekin. Batez ere, 18 eta 35 urte bitarteko gazteen premiak ezagutu nahi dituzte.
Horretarako, galdetegi sinplea prestatu da Udalaren webgunean eta, lortutako emaitzen arabera, indarrean dagoen udal ordenantza egokituko da, hala badagokio. Galdetegia anonimoa da eta azaro osoa egongo da aktibo.
Hamar galdera
Inkestak hamar galdera ditu eta galdetegiaren bidez bizikidetza-unitatea, udalerrian erroldatuta egondako denbora, familiaren diru-sarrerak, alokairuaren kostua, alokairu-kontratu mota edo alokatutako etxebizitzaren tipologia, bezalako datuak jakin nahi dituzte.
“Etxebizitza eskuratzea gazteen emantzipazio-prozesuaren oztopo garrantzitsuenetakoa da”, Udal ordezkarien esanetan. Horrela, udalerrian alokairuan bizi diren 18 eta 35 urte bitarteko pertsonengan zentratu da –aurretik laguntza jaso ala ez–, errealitatea udal ordenantzak ezartzen dituen baldintzekin bat datorren ala ez ikusteko.
“Laguntzak ahalik eta pertsona gehienengana iristea gura dugu, eta, horretarako, haien egoera ezagutu behar dugu, agian baldintzak zaharkituta geratu direlako. Lortutako datuekin ordenantza publikoa egokitu ahal izango dugu”, azaldu du Iñaki Rekalde Ogasun, Enplegu eta Ekonomia Sustapen zinegotziak.