Abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, kultur eta aisialdi egitarau zabala prestatu du Abadiñoko Udalak, herriko elkarte eta eragileekin elkarlanean. Asteburuan zehar musika, arte eszenikoak, tailerrak edo herri kirolak tartekatuko dira.
Abenduaren 1etik 3ra bitartean burutuko den egitarauak “adin talde guztietan eta bizitzako esparru guztietan euskararen erabilera sustatzeko eta bultzatzeko” helburua du, “lan- eta hezkuntza-ingurunetik kanpo ere”, Udal ordezkariek adierazi dutenez.
Antolatutako ekitaldiak abenduaren 1ean hasiko dira, 16:30ean, Traña plazan familiei zuzendutako talo tailerrarekin, herri kirolen erakustaldiarekin eta ‘stree dance’ ikuskizunarekin. 18:00etarako helduentzako txapel jaurtiketa lehiaketa iragarri dute.
Kantulagun ibiltaria
Arratsaldean zehar Kantulagun ibiltaria egongo de Ferialeku plazatik, eta egunari amaiera emateko Olatz Beobidek zuzendutako ‘eMckumeak’ ikuskizuna taularatuko da Errota Kultur Etxean, antzerkia, musika, bertsoak eta ikus-entzunezkoak uztartuz. Sarrera doakoa bada ere, gonbidapenak jaso behar dira aretoan bertan edo Udal Mediatekan.
Zapatuan, abenduaren 2an, Pontx pailazoaren ikuskizuna eskainiko da Errota Kultur Etxean, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, eta bertaratzeko gonbidapenak jaso behar dira Errotan edo Mediatekan.
Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunerako prestatutako ekitaldiak 12:00etan hasiko dira, Errota Kultur Etxean postal, bideo labur eta film labur express lehiaketen sari banaketarekin.
13:00etatik 14:30era, Jaizale Txistulari Elkarteak Traña-Matienako eta Zelaietako kaleak girotuko ditu kalejira banatan, eta 17:00etan elkarretaratzea deitu dute udaletxe aurrean, ‘Euskarak behar gaitu eta euskara behar dugu!’ lelopean. Egitarauari amaiera emateko, II. pilota txapelketa herrikoiaren barruan antolatutako eskupilota partida bat egongo da.
Udalak euskararen inguruko ekintzetan parte hartzera eta jai egun hauetaz gozatzera animatu ditu herritarrak. “Adin guztietako pertsonei zuzendutako programa da”, Naiara Bildosola Hezkuntza eta Euskara zinegotziak azpimarratu duenez, eta horregatik, “herritarrak kalera atera daitezen eta gure udalerrian euskararen erabilera indartzen lagunduko duten kultur eta aisialdi jarduerez goza dezaten”, animatu du.