Abadiñoko Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu martxoaren 22ko arratsalderako, egun horretan euskararen aldeko Korrika ekimena udalerritik igarotzen dela eta. Lasterraldia Traña-Matienatik 19:18ak aldera sartuko da Abadiñon, Zelaietatik igaroko da berriro 21:24ak aldera, eta Urkiolatik 23:30ak inguruan.
Prestatutako ekitaldiak 16:30ean hasiko dira Traña plazan, txikientzako egingo den askariarekin eta ondoren Iluntze dantza taldeak eta Street Danceko eskola-taldeak eskainiko dituzten agerraldiekin.
Behin Korrika Traña-Matienatik igarota, programazioa Zelaietako Txanporta plazara aldatuko da. 20:00etan hanburgesak dastatzeko aukera egongo da, eta txartelak 3 eurotan salduko dira martxoaren 18tik aurrera Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan.
Arratsaldea girotzeko, 20:00etatik 21:00etara, eta Korrika igaro ondoren, 22:00etatik 23:30era erromeria izango da Eingo taldearekin. Aurreikusten denez, lasterketa 23:34ak aldera iritsiko da Urkiolara.
‘Bizkarsoro’ filma domeka honetan
Korrika Abadiñora heldu aurretik, domeka honetan, hilak 17, 18:00etan, ‘Bizkarsoro’ filma proiektatuko da Errota Kultur Etxean. Bertaratzeko gonbidapenak eskuragarri daude Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan.
Josu Martinezek zuzendutako ‘Bizkarsoro’ filma fikzioa bada ere, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke, eta bertako biztanleak euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan dira. Ikus-entzunezkoan 1914 eta 1982 artean gertatutako bost istorio azaltzen dira.
“Zorionez, Korrikak hiru ordutegi desberdinetan bisitatuko gaitu. Beraz, jendea emozionatuta dago, ospatzeko gogoz, eta asko inplikatu da Korrikari harrera egiteko prestaketetan”, Naiara Bildosola Hezkuntza eta Euskara zinegotziak aitortu duenez. Hori dela eta, hainbat elkarteren eta jende askoren laguntzarekin prestatuko egitaraua osatu dute eta jai giroko arratsaldea zirraragarria izango da “gure hizkuntzaz eta kulturaz gozatzeko”.