
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa jokatuko da zapatuan Markina-Xemeingo Uni frontoian arratsaldeko 17.30ean hasita. Agertokian izango diren sei lehiakideen artean eskualdeko bi ordezkari izango dira, abenduaren 17an Bilbao Arenan jokatuko den finalerako txartelaren bila.
Zapatuko finalaurrekoan Eneko Abasolo ‘Abarkas’ iurretarra eta Txaber Altube izango dira. Altubek Udaberriko fasea gainditu zuen lehenik eta Udazkeneko faseko final laurdenetan pilatutako puntuekin lortu zuen finalaurrekoetan egoteko eskubidea.
‘Abarkas’ berriz, Udazkeneko fasean hasi zen lehiatzen, Bizkaiko Txapelketaren batean finalista izandakoa delako. Iurretarrak Sestaoko final laurdenetako saioa irabazi zuen eta ondorioz finalaurrekoetarako txartela lortu zuen.
Uni frontoian izango diren gainontzeko lau lehiakideetako bi, Jone Uria eta Oihana Bartra, aurreko edizioko finalistak izandako dira eta saio honetan hasiko dute txapelketa. Nerea Ibarzabalek berriz, Zaldibarko kanporaketa irabazi ondoren lortu zuen finalaurrekorako sailkapena eta Joseba Barandiaranek Leioako saioan lortutako puntuekin egin zuen aurrera.
Ekitaldian egin beharko duten lana, hamarreko nagusian ofiziotan hiruna bertso, zortziko txikian ofiziotan hiruna bertso eta hamarreko txikian ofiziotan hiruna bertsorekin hasiko dute. Saio osatzeko kartzelako lanari ekin beharko diote, puntua emanda bertso bi zortziko txikian eginez eta gai bati buruz hiru bertso, doinu eta neurri librean, bakarka eskainiz.
Saioko gai-emailea Amaia Ugalde izango da eta epaileak Ander Txakartegi, Joseba Santxo, Jurgi Fuentes, Leire Etxebarria, Mirari Azula eta Miriam Juaristi. Idazkari lanetan Itxaro Juaristi eta Itziar Basterretxea arituko dira.
Gainontzeko bi finalaurrekoak Basaurin eta Larrabetzun jokatuko dira, azaroaren 27an eta abenduaren 3an, hurrenez hurren. Lehenengoan Beñat Ugartetxea eta Aitor Bizkarra izango dira eskualdeko ordezkariak eta Larrabetzun Miren Amuriza lehiatuko da.