
Eskualdeko beste bi ordezkarik lortu dute 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoetarako txartela, Sestaon eta Igorren jokatutako kanporaketak irabazi ondoren. Zapatuan, Ezkerraldean jokatutako kanporaketan, Eneko Abasolo ‘Abarkas’ izan zen onena eta atzo Arratian izan zen ekitaldian Beñat Ugartetxea gailendu zen.
‘Abarkasek’ Markina-Xemeinen izango den finalaurrekoan kantatuko du azaroaren 19an, Sestaoko musika eskolako aretoan zapatuan jokatutako kanporaketa irabazi eta gero. Bertsolari iurretarrak 447 puntu batu zituen ekitaldian, Zortziko handian, Hamarreko Txikian zein Kartzelako ataletan beste bost partaideei irabaziz eta kanporaketako beste bi ataletako erregularrena izan ondoren.
‘Abarkas’ekin batera Arrate Illaro (431 puntu), Peru Vidal (426), Asier Galartza (411,5), Inazio Vidal (409) eta Josu Landeta (406) izan ziren kanporaketako partaideak.
Saioko gai emailea Idoia Anzorandia izan zen eta epaimahaikideak Alaitz Etxanobe, Ander Txakartegi, Iñaki Aurrekoetxea, Jon Jaio, Leire Etxebarria eta Miriam Juaristi izan ziren. Idazkaria berriz Itziar Basterretxea izan zen.
Ugartetxea garaile Igorren

Asteburuko bigarren kanporaketa Igorreko Lasarte aretoan jokatu zen atzo eta agertokian izan ziren sei bertsolarien artetik onena Beñat Ugartetxea izan zen. Mallabian jaio eta Zornotza bizi den bertsolariak, azaroaren 27an Basaurin jokatuko den finalaurrekoan kantatuko du.
Ugartetxeak Zortziko handia, Puntu erantzunak, Hamarreko txikia eta Kartzela ataletan puntu gehien lortu zituen bertsolaria izan zen eta guztira 487 puntu metatu zituen. Ondoren Julen Erezuma (444), Malen Amenabar (437,5), Iñaki Iturriotz (385), Arkaitz Zipitria (382) eta Paule Ixiar Loizaga (326) sailkatu ziren.
Saioko gai emailea Begoñe Olabarria izan zen, epaimahaikideak bezperan Sestaon izandako berberak eta idazkari beharretan Itziar Basterretxea eta Itxaro Juaristi aritu ziren.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren hurrengo kanporaketa Leioako Kultur Leioako auditorion izango da datorren zapatuan, arratsaldeko 17.30etan hasita. Saioan Txaber Altube abadiñarra izango da eta berarekin batera Ander Elortegi, Ibon Ajuriagojeskoa, Joseba Artza, Joseba Barandiaran eta Mikel Goiriena izango dira agertokian.