
Igorren domekan jokatutako Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bigarren kanporaketa, ez zen ona izan bertan egon ziren Eneko Abasolo ‘Abarkas’ eta Beñat Ugartetxea eskualdeko bertsolarientzat. Saioa Nerea Ibarzabal markinarrak irabazi zuen.
‘Abarkas’ hirugarren postuan sailkatu zen 487,5 punturekin. Iurretarrak kaskar samar ekin zion ekitaldiari eta zortziko handian puntu gutxiren lortu zituen bertsolaria izan bazen, saioak aurrera egin ahala gorantz egin zuen eta ekitaldiko azken ariketan, kartzelakoaren doinu eta neurri librean, puntu gehien batu zituen lehiakidea izan zen.
Bildutako puntuekin bosgarren da sailkapen nagusiak. Beraz, datorren domekan Lekeition jokatuko den saioari itxaron beharko dio Bilboko finalerako txartela duen edo ez jakiteko.
Zornotzan bizi den Beñat Ugartetxea mallabiarrak berriz, ez zuen bere egun onena izan eta seigarren sailkatu zen 460,5 punturekin. Beraz, Bilboko finaletik kanpo gelditu da.
Altuberen txanda
Azken finalaurrekoa datorren zapatuan jokatuko da Lekeitioko Santi Brouard kiroldegian eta bertan jarriko den agertokian finalean egoteko txartela lortzen ahaleginduko da Txaber Altube abadiñarra. Asmo berdinarekin lehiatuko dira alboan izango dituen Ander Elortegi, Arrate Illaro, Etxahun Lekue, Ibon Ajuriagojeaskoa eta Jone Uria.
Lekeitioko saioa amaitzen denean jakingo da Bilbon abenduaren 15ean jokatuko den finalean arituko den zortzikotea. Dagoeneko eskualdeko ordezkari batek ziurtatuta du bertan izateko txartela, Miren Amuriza izan baitzen onena Berrizko finalaurrekoan. ‘Abarkas’ eta Berrizen hirugarrena izan zen Aitor Bizkarra berriz, bosgarrena eta seigarrena dira sailkapen nagusian hurrenez hurren, eta domekan jakingo dute Bilbao Arenako finalean egongo diren ala ez.