
Elorrioko Udalak ADIFen hirugarren saiakeran sinatu ditu AHTren Elorrio-Elorrio trenbide tarteko desjabetze-aurretiko aktak. Sinadura ekitaldia lanen eta trazaketaren eragina jasango duten lursailetan egin zen, “legeak agintzen duen bezala” Idoia Buruaga Elorrioko alkateak adierazi zuenez.
Desjabetze-aurretiko akten sinaduran Espainiar Gobernuko Delegazio-ordeko ordezkariak, ADIFeko langileak, lursailen jabeak eta Elorrioko alkatea izan ziren.
Aldez aurreko bi ahaleginak Elorrioko udaletxean eta Bilboko Gobernu Delegazio-ordeko bulegoetan egin ziren, lehena iazko urrian eta bigarrena aurtengo urtarrilean, eta biei egin zien uko Udalak “lege-prozedura ez zela errespetatzen” argudiatuta.
Sinatutako aktak Elorrio-Elorrio tarteari dagozkienak dira; hau da, herriko lurrak zeharkatuko dituzten sei tarte ezberdinetako baten eragina izango dutenak. Beste bostak “aurrerago egingo direlakoan” daude Udaleko ordezkariek. Udalerria AHTaren ibilbidearen erdigunean dago eta trazaketa osoan “herririk kaltetuenetarikoa izango da”.
Kaltetutakoei babesa
Herri-agintarien arabera, “Elorriok jasango duen ingurumen inpaktua oso handia izango da, batez ere Aidazu eta Iguria auzoetan”. Kalte horiek ahal diren heinean ekiditeko, Udalak kaltetuentzat zuzendurako aholkularitza tekniko-juridikoa jarri du martxan.
“Udal Gobernuak kaltetutako herritarrei babesa helarazi nahi die. Gure esku dagoen guztia egingo dugu AHTa Elorriotik igarotzea saihesteko, eta, igaro behar bada, ahalik eta eragin gutxien izan dezan”, adierazi du alkateak.
Buruagaren arabera, “nahiz eta politikoki gure esku daukagun guztia egingo dugun obra horiek geldiarazteko, Udalak ez du kontratatu aholkularitza zerbitzu hori AHTaren aurka egiteko. Aholkularitza hau zuzenduko da kaltetuei laguntza eskaini eta gure herriak ahalik eta gutxien pairatu ditzan obrek eragingo dituzten kalteak, dagoeneko inguruak hondatu dituztelako eta inor ez delako horren erantzule egiten. AHTaren obrak martxan jarriko balira, jarraipen batzorde bat osatuko genuke aholkularitza zerbitzuarekin, kaltetuekin, udal-teknikariekin eta ordezkari politikoekin”.