

Elorrioko Iturri Kultur Etxeak Gervasio Sánchez eta Mònica Bernabéren ‘Emakumeak. Afganistan’ deituriko argazki erakusketa hartuko du datorren astelehenetik aurrera. Sei ataletan banatutako bilduma 40 argazkiz, lanaren xehetasunak jasotzen dituen katalogoa eta sarrera testuaz osatzen da.
Erakusketako argazkiak 2009tik 2014a bitartean egin ziren, Afganistanen Giza Eskubideen aldeko Elkartearen (ASDHA) proiektu baten barne. Bildumako lehen 14 argazkiak Afganistango emakumeen ‘Ezkontza’ eta ‘Ihesa’ dute ardatz. Ondorengo irudiek ‘Heriotza irtenbide moduan’ (suizidioak); ‘Lege-aurrerapenak? Paper bustia’; ‘Emakumeak korrontearen aurka’ eta ‘Zigorgabetasuna. Gerraren orbanak’ multzoetan batzen dira.
Erakusketa honen oinarria Talibanek Afganistanen agintean egon ziren aldian ezarritako murrizketetan oinarritzen da, etxetik kanpo lan egitea, ikastea eta laguntza medikoa jasotzea debekatuta zuten emakumeen egunerokotasuna, hain zuzen. Egoera hori, hala ere, emakumeek beren etxeetan egunero bizi duten benetako dramaren icebergaren tontorra besterik ez da.
Argazki bilduma hau kudeatzen dutenen arabera, erakusketa honetan ikusten da “emakumeen aurkako indarkeria Afganistanen familian bertan hasten dela eta endemikoa dela, eta ez du zerikusirik talibanak agintean egotearekin edo ez egotearekin”.
Egoera horren oinarrian gizarte oso kontserbadorea, matxista eta erlijiosoa dago eta “ errealitate hori ezin da aldatu urte gutxi batzuetan. Belaunaldiak behar dira horretarako. Nolanahi ere, zigorgabetasuna orokortuta dago herrialdean, eta horren errua, neurri handi batean behintzat, nazioarteko komunitatearena da”.
Bartzelonako Udalak finantzatutako erakusketa honek Euskal Fondoaren babesa eta proiektuaren zabalkunderako laguntza du.