Santa Ageda bezpera dela eta, ohiko koplak entzungo dira zapatuan eskualdeko hainbat herritan. Kalejirak ordutegi desberdinak izango dituzte, Mallabian goizean egingo dute; Zornotzan eguerdian; eta Durangon eta Elorrion, iluntzean.
Durango
Durangoko Aramotz eta San Roke auzoetan abestuko dituzten koplak, arratsaldeko 19:0etatik aurrera entzuteko aukera egongo da. Ekitaldirako hitzordua Aramotzeko 12-13aren aurrean egin dute eta antolatzaileek karta-paperak banatuko dituzte. Makilak eta ahotsak, berriz, bertaratzen direnek eraman beharko dituzte.
Kalejira amaitu ondoren, afari-merienda egingo dute Herria txokoan, bertaratutakoek eramandako jakiekin.
Zalantzarik izanez gero, 658715604 telefonora deitu daiteke, Irunegatik galdetuz.
Zornotza
Zornotzako Armendola kultur alkarteak antolatutako kalejira eguerdiko 14:0etan abiatuko da Herriko plazatik, eta bertaratzeko eta baserritarrez jantzita joateko gonbitea eta egin diete herriko abesbatzei zein herritarrei.
Armendolak kultur ekintzak bultzatzeaz gain herri-ohitura, historia, gastronomia eta etnografiarekin zerikusia duten ondarea mantentzea denez, “abesbatza bakotxak bere koplak abestuko ditu eta gero denok elkarrekin amaituko dugu”, antolatzaileen esanetan.
Abestu ondoren, otamen txiki bat izango da Herriko Plazan bertan.
Mallabia
Mallabiako Mendibil abesbatzak antolatutako ekitaldia izango da goiztiarrena, goizeko 10:30an abiatuko baita Longa auzotik. Ondoren, Gerea, Arandoño eta Berano auzoetara gerturatuko da.
Udalarekin elkarlanean antolatutako ekimenak tradizioari eutsiko dio, Santa Agedako koplak eta abesti herrikoiak auzoetan zehar eskainiz, “errotze handiko eguna girotzen”, antolatzaileen esanetan.
Elorrio
Elorrioko Iturrizoro elkartearteak antolatutako kalejira iluntzeko 19:00etan abiatuko da Herriko plazatik, herriko txistularien laguntzarekin. Berrio-Otxoa abesbatzako eta Parrokiko koruko kideekin eta herritarrez osatutako taldeak erdialdeko hainbat auzune bisitatuko ditu.