
AHTik Ez! plataformak irmotasunez kritikatu du trenaren lanetarako egindako 2.825.869 euroko lizitazioa “osasun sisteman ematen ari den baliabideen krisia” dagoenean. Diru kopuru hori “obren asistentzia teknikorako eta aholkularitzarako” bideratuko da eta aldez aurretik jarritako 71.957.516 euroko partidari gehituko zaio.
Ia 75 milioi euroko diru-atala Elorrio-Elorrio zatiak dituen 3 kilometroetan gastatuko da. AHTrik Ez!ko kideen arabera “diru kopuru ikaragarria beharrezkoa ez den azpiegitura batentzako” bideratuko da, eta trenak egingo duen “galera ekologikoak gainera, ez dira inoiz aurrekontuetan sartzen”.
Covid-19 gaitzaren aurrean hartu diren neurriak eta gizarteak pairatuko dituen ondorio ekonomikok ere kontuan hartu ditu plataformak. Horregatik beharrezkoa dela uste dute “obra faraonikoak” alde batera uztea eta “osasun sistema publikoan” inbertitzea, “pertsonon ongizaterako behar dugun garapena al da hau?” eta “noren poltsikoak betetzeko?” galdetu aurretik.
Gaur egungo egoerak “zer den beharrezkoa eta zer ez” gaien inguruko hausnarketa egiteko aproposa delakoan, “berplanteatu dezagun zertara bideratu diru publikoa”, proposatzen dute plataformako kideek.