AHTrik Ez! plataformak Euskal Herriko hainbat lekutan eraikitzen ari diren Abiadura Handiko Trenaren kontrako kanpaldia egingo du Atxondon uztailaren 30 eta 31n eta abuztuaren 1ean. Mobilizazioak iraungo dituen hiru egunetan hitzaldiak, tailerrak, umeentzako ekintzak, ibilbideak, kontzertuak, azoka eta bestelako ekitaldiak tartekatuko dira.
Garraio sistema horren aurrean “alternatibak baditugula” adierazteaz gain, plataformako kideek prentsaurreko batean berretsi zuten proiektua “antiekologikoa, antisoziala eta baliabideen xahutzailea” dela, AHT Gelditu Elkarlanean 2001etik bildutako sindikatuek, alderdiek eta eragile sozialek dioten bezala.
Atxondon, gainera, 2007an herritarrei egindako galdeketan erabat proiektuaren kontra agertu zen gehiengoa eta “12 urte luzez obretako irregulartasunak epaitegietan tramitatuz Atxondon makina bat bera ere ez sartzea lortu zen… Orain ordea, Atxondoko udaletxearen pasibitatea baliatuz, alboan ditugun Abadiño eta Elorrioko errealitateak aztertuta, badirudi obrak azkar batean burutu nahi dituztela”.
Bideragarritasun eza
Kanpaldian parte hartzera deitu duten eragileen arabera Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak “trenaren obrekin jarraitu” nahi dutela azpimarratzeaz gain, “gutxi batzuen neurrira diseinatutako mugikortasun eredua martxan jarri eta aterabiderik ez duen etorkizuneko zorpetze batera kondenatu nahi gaituzte”, salatu dute.
Hala ere, plataformako kideen arabera AHTarena “proiektu suizida” bat dela uste dute eta pandemiaren aurretik proiektuaren “bideragarritasuna kolokan bazegoen, momentu honetan herritarrok ezin dugu onartu diru publikoa zentzurik gabeko proiektuetan xahutzea”. Gainera “nahiz eta esan Bizkaiko azpiegituraren %70a eraikita dagoela, soilik %30a dago eraikita baina ez operatibo egoteko moduan”, adierazi dute.
Dagoeneko izen ematea irekita dago www.ahtrikezakanpada.com webgunean eta kontuan hartuta lekuak mugatuak direla bertaratu nahi dutenek helbide horretan dagoen formularioa bete behar dute. Gainera, kanpaldian egingo diren ekitaldiei buruzko informazioa gehituko dute astean zehar.