Domeka eguerdian hasiko den ‘Aintzinako eztegua’ren antzezpenarekin abiatuko dira Iurretako Oromiño auzoan ospatuko dituzten San Marko jaiak. Auzotarrek prestatutako egitarauak jarraipena izango du ondorengo egunetan eta hurrengo asteburuan.
‘Aintzinako eztegua’ren antzezpena Oromiño auzotik San Markoren baselizaraino eguerdian egingo den ibilaldiarekin hasiko da. Ondoren, ezteguaren antzezpena egingo dute trikitilarien doinuek girotuta, eta partaideek bazkaria ere egungo dute. Bazkalostean kantuak eta dantzak egongo dira Eingo taldearen partaidetzarekin.
Oromiñoko ‘San Markuek’ astelehen iluntzean jarraituko dute Donien Atxa jaso ondoren, eta jarraian, makailau errea dastatzeko aukera izango dute partehartzaileek. Eguna borobiltzeko igel txapelketa egongo da.
Martitzenean, San Marko egunez, meza emango da eguerdian eta jarraian herri-bazkaria egingo dute. Arratsaldean, hainbat sari banatuko dituen briska txapelketa jokatuko da.
Erromeria Luhartz taldearekin
Ospakizunak jarraipena izango dute asteburuan, eta zapatuan, 17:00etatik aurrera, Maiztegi Herri Eskolako umeen dantza erakustaldia egongo da. Ondoren, haurrentzako jolasak eta txokolatada egongo dira.
Iluntzean, tortila txapelketa, afaria eta Luhartz taldeak girotutako erromeria prestatu dituzte. Gauerdi inguruan, sorpresa bat iragarri dute antolatzaileek.
Domekako egitaraua eguerdian emango den mezarekin abiatuko da, eta jarraian, ekitaldia eskainiko du Mikel Deuna dantza taldeak. Arratsaldeko seietan, Muxika, Gorozika eta Ibarruriko emakumeen Oxygastra Curtisii Kultur Elkarteak ‘Amatau pantailak’ ikuskizuna eskainiko du.
Errifaren zozketarekin eta Donien Atxaren jeitsierarekin emango diote amaiera aurtengo ospakizunei.