Berbaro elkarteak Urteko Azken Bertso saioa antolatu du abenduaren 30erako (22:00etan) eta Plateruenan izango den ekitaldian puntako bertsolariak izango dira. Izan ere, domekan jokatuko den Bertsolari Txapelketa nagusiaren finalean kantatuko duten bost lehiakide eta Aitor Bizkarra abadiñarra izango dira ekitaldian.
Plateruenako agertokian Maialen Lujanbio egungo txapeldunak abestuko du, eta berarekin batera 2022ko txapela irabazteko lehian ere izango diren Alaia Martin, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina izango dira.
Ekitaldiko partaidetza, Iruñeko finalean egotetik oso gertu egon den Aitor Bizkarra abadiñarrarekin osatuko da. Bizkarrak, Txapelketa Nagusiko lehen fasea eta finalaurreko saio azpimarragarrik egin ditu eta, azken unera arte, Nafarroa Arenako oholtzan kantatzeko aukerak izan ditu.
Bertsolari abadiñarrak 1329.00 puntu metatu ditu eta hirugarren finalaurrekoaren ostean bederatzigarren postuan sailkatu da, zazpigarrena izan den eta finalean egongo den Joanes Illarregirengandik hiru puntura.
Saioan egongo diren sei bertsolariak, Unai Iturriagak proposatutako gaiak kantatuko dituzte.
Urteko Azken Bertso saiorako sarrerak Berbaroren bulegoan (Laubideta Kalea, 6An), egon dira salgai, bazkideentzat 8 eurotan eta gainontzekoentzat 12 eurotan, baina dagoeneko agortu egin dira.