Mallabiko EH Bilduk Aitor Loiola aukeratu du koalizioaren zerrendaburu izateko maiatzean egingo diren udal-hauteskundeetan. Loiola ANV-EAEtik alkate izan zen 2007tik 2011ra bitartean, gaur egun 58 urte ditu eta 1993tik irakaslea da Bilboko Kirikiño ikastolan.
Mallabiko EH Bilduk urtarrilaren 14tik 27ra bitartean burutu zuen alkategaia aukeratzeko barne prozesu parte-hartzailean eta bertara hautagai bakarra aurkeztu zen. Koalizioko kideek zerrendaburu izateko proposatu zuten Loiola eta hauteskunde batzordeak proposamena egin ondoren, bere burua alkategai izateko prest agertu zuen, komunitate osoaren babesarekin.
Loiolak gogotsu eta ilusioz hartu zuen alkategai izatearen ardura eta “Mallabiko EH Bildu taldetik jaso dudan babesa ezinbestekoa izan da erabakia hartzerako orduan” aipatu zuen Loiolak. Gainera, herritarron parte-hartzea behar-beharrezkoa dela adierazi zuen, “denon artean egindako lanak hobeak izaten baitira”.
Mallabiko zerrenda osatzeko gainerako hautagaiak martxoan zehar aukeratuko dira eta alkategaia aukeratzeko egin den moduan, bigarren fase horretan parte hartzeko ere ezinbestekoa izango da EH Bilduren barneko erroldan izena ematea: https://elkarrekin.ehbildu.eus/