Eguberriari hasiera emango dion Olentzero eta Mari Domingiren etorrera ospatuko da gaur Euskal Herriko txoko guztietan zein Durangalde osoan. Herri batzuetan ibilbideak izango badira, beste batzuetan harrera egingo zaie bi pertsonai mitologikoei erdigune edo plazetan, zirrara bilakatuz umeen eta helduen poza eta irrika.
Durango
Olentzerori eta Mari Domingiren etorrera baino ordu batzuk lehenago, Txistu kontzertua eskainiko du Jaizalek San Frantziko elizan.
Ikazkina eta bere laguntzailearen etorrera arratsaldeko 18:30ean hasiko den kalejirarekin abiatuko da. Institututik Andra Mariko elizpera doan ibilbidea osatzeko, Olentzerok eta Mari Domingik Txoritxu Alai, Kriskitin eta Tronperri dantza taldeak, Inurri Eskaut taldea, Txiri Txiri taldea, Tabira Musika Banda, Bartolome Ertzilla Musika Eskolako Banda, Jaizale Txistu taldea eta Trikitixa eta Pandero Eskola izango dituzte bidelagun.
Amorebieta-Etxano
Kirola eginez hasiko dute eguna zornotzarrek, nahi duenak goizeko 9:00etan hasiko den Belatxikietako igoera tradizionalera joateko aukera izango dute.
Arratsaldeko 18:00etan berriz, menditik jaitsiko da Olentzero zornotzar guztiei agur egitera, gau osoko lanari ekin aurretik. Ordu horretan, Herriko plazara joateko gonbitea egin dute, bertan emango zaiolako ongi etorria eta umeek Gabonetako eskatutako opariak Olentzerori berari eskatzeko aukera izango dute.
Iurreta
Goizeko 11:30ean hasiko dituzte ekitaldiak Iurretan, trikitilarien laguntzarekin Aita San Migel plazatik Askondora egingo duten kalejirarekin, ume eta nagusi baserritar jantzita doazela. Eguerdian egingo zaie harrera Olentzero eta Mari Domingiri eta ondoren, ume guztiak batera, familia argazkia aterako da. Gainera, elkartasun azokako otzararen zozketa egingo da eta gutun-postalen eta erakusleiho lehiaketen sariak banatuko dira
Berriz
Goizeko 9:30ean irtengo dira Olentzero eta Mari Domingi Olakuetako plazatik herriko auzo guztiak bisitatzeko. Arratsaldeko 17:30etan berriz, udaletxetik probalekura doan bidea egingo du bikote mitologikoak. Antolatzaileek, gerturatzen direnei baserritar jantzita bertaratzeko deia luzatu diete.
Elorrio
Goizeko 10:00etatik arratsaldeko 15:00ak arte Herriko plazan egingo den Merkatu txikiarekin hasiko da eguneko egitaraua Elorrion. 23. edizioa beteko duen ekimen horrek eskulanak edo bigarren eskuko opariak erosteko aukera eskainiko du.
Herriko erresidentziak bisitatu eta gero, arratsaldeko 17:00etan egingo diote harrera Olentzero eta Mari Domingiri Herriko plazan. Umeen eskariak entzun ondoren, Besaide Dantza Taldearen ekitaldia hasiko da.
Bihar, Eguberri-eguna, Basilikako koruaren emanaldia izango da 11:30eko mezan.
Abadiño
Arratsaldeko 16:30ean Olentzero Traña-Matienan agertu aurretik, Errota Kultur Etxean urtarrilaren 8arte egingo den Gabonetako postal lehiaketara aurkeztutako lanak ikusi ahal izango dira. Behin Olentzeroren kalejira hasita, Matienatik Muntsaratzerako bidea egingo dute partaideek eta ondoren Txanportara helduko da.