
Eskulturak, bertsoak eta argazkigintza biltzen dituen ‘Zorroztarri erakusketa’ egongo da ikusgai bihartik aurrera Iurretako Ibarretxe Kultur Etxean. Ekimen honetan, preso dauden Alaitz Areitio iurretarraren, Zigor Merodioren eta Yon Troitiñoren lanak zein Edu Martínezen irudiak biltzen dira.
Areitio, Merodio eta Troitiño Estatu frantziarreko hiru espetxetan preso egon arren, “gure pentsamendu, konbikzio eta bihotzak eskultura bakoitzaren hegietan, bertsoen hitzetan eta paisaia eta leku hauetan aurkituko dituzu”, sortzaileen arabera.
Merodio bilbotarra 2006an hasi zen buztinezko eskulturak egiten eta ondoren harrikoak egiten hasi zen. 2014an egin zuen bere lehen erakusketa. Merodioren lanei bertsoak jarri zizkioten Areitio iurretarrak eta Troitiño donostiarrak.
Hirukotearen sorkuntzei Edu Martinez argazkilari bilbotarraren lana gehitzen zaio, eskultura bakoitzak oroitarazten diena eszena hautatu eta irudiak hartu ditu eta bertsoei euskarria eskaini die.
Erakusketa bihar hasi eta barikura arte egongo da ikusgai. Bihar, arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara ikusi ahal izango da; 25etik 27ra goizeko 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara egongo da irekita, eta 28an, goizeko 10:00etatik 12:00etara.