2025eko aurrekontu parte-hartzaileek badute proiektu irabazlea. Herritarrek proposatutako sei proiektuen artean, bozka gehien jaso duena izan da Aldatsekuako frontoia eta inguruak egokitzeko proiektua. Hortaz, Elorrioko Udalak 50.000 euro bideratuko ditu datorren urteko aurrekontuetatik esku-hartze honetarako.
Prozesuaren lehen fasean aukeratutako sei proposamenetatik, Aldatsekuako frontoia eta inguruak egokitzea izan da proiektu irabazlea. Halaxe erabaki dute Elorrion erroldatutako 16 urtetik gorako boto-emaileek.
Guztira 539 pertsonak hartu dute parte, eta horietatik 514 boto onartu dira; gainerakoak Elorrion erroldatuta ez dauden pertsonak edo 16 urtetik beherakoak dira. Era berean, 541 galdetegi erantzun dira: 186 galdetegi oinezko teknikarien eta informazio karparen bidez jaso dira, 291 online eta 62 postontzien bidez eta 2 Nagusien Etxean. Emakumeen parte-hartzea handiagoa izan da ( % 57,4) gizonena baino ( % 38,3). Prozesuan erabilitako hizkuntzari dagokionez, % 53,2k euskara erabili du eta % 46,8k gaztelania.
149 elorriarrek egin dute proiektu irabazlearen alde, boto-emaileen %29k. Bigarren proiektu bozkatuena Ibarrako espaloien konponketa –1go fasea– izan da (131 boto), hirugarrena San Joseko txintxaunak berriztu eta eremua atondu (68 boto), laugarrena Musika Eskolako eraikinean hobekuntzak egin (63 boto), bosgarrena Bainu publikoak jarri Esteibarlandan eta seigarrena Elizaldeko azpiegiturak hobetu (47 boto).