
Durangoko Zabalarra eskolan elkartu dira gaur arratsaldean eskualdeko EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEko ordezkariek, zenbait eskola publikok aurrera daramatzaten Berton Bertokoa ekimenari alderdien babesa emateko. Nahiz eta ekitaldian ez egon PPko ordezkaririk, talde horretako zinegotzia den Fran Garatek bere atxikimendua eman zion ekimenari, alderdien erabateko ahobatekotasuna lortuz.
“Eskualdeko proiektua eskualdera garatzea inportantea bada ere, ez dugu lurraldeko ikuspuntua galdu behar” eta jantokien eskuduntza Jaurlaritzak duenez, Berton Bertokoa proiektua erakunde horrekin garatu beharko litzatekela adierazi du Orland Isoirdek, Berrizko alkateak, Durangaldeko Euzko Alderdi Jeltzalearen izenean.
Gainera, eskualdeko landa eremua garatzeko dagoen Urkiola Landa Garapen Agentziak lehenengo sektorea jorratzeko eta elikadura gaia bideratu beharko lukeela gogoratu du Isoirdek, Udalak erakunde horretan ordezkatuta baitaude.
EH Bildurentzat “egungo jantoki eredua eraldatzea da, jantokitik jangelara salto eginez, beti ere ikastetxe bakoitzeko bere ereduaren gainean dauen erabakitzeko eskubidea autonomia oinarri izanda”, Endika Jaiok, Mañariako alkateak, adierazi zuenez.
“Eskualdeko nekazaritza eta abeltzaintza sektoreak indartzeko sistema baliagarria da” Berton Bertokoa ekimenak proposatzen duena, PSE-EEko ordezkaria den Fernando Castilloren esanetan.
Umeen elikadura
Elkartearen manifestuan biltzen diren lau eskarietan “umeek elikadura osasuntsu bat jasotzeko eskubidea” daukatela eta “umeen elikadura kantitatean zein kalitatean egokia” izan behar duela esakatzen dute.
Horretarako, “bertoko eta sasoiko produktuak umeak dauzkaten behar izanei hobetoen egokitzen diren lehengaiak” erabiltzera eta “bertoko produktuak bertan sukaldatuta bakarrik mantenduko dituzte propietate guztiak”, adierazten dute.
Berton Bertoko ekimenean Durangoko Zabalarra eta Landako, Iurretako Maiztegi, Abadiñoko Traña-Matiena eta Zelaieta eta Atxondo, Berriz, Elorrio eta Zaldibarko guraso, guraso elkarte eta eskola kontseiluak biltzen dira.