
Mañariako Udalak antolatutako Kultur Astea haurrentzako prestatutako tailerrekin hasiko da gaur eta igandea bitartean mendiari buruzko hitzaldia, bertso-afaria edo artisau, elikadura eta landare azoka izango dira. Aurtengo egitaraua osatzeko abesbatzen kontzertua iragartzen dute maiatzaren 23rako.
Haurrak izango dira gaurko protagonistak arratsaldeko 17.30etatik aurrera frontoian izango diren tailerrekin. 19.00ak arte haur eta gazteek arratsalde dibertigarri eta entretenigarria igarotzeko aukera aparta izango dute. 18.00etatik 20.00ra, makillaje teknikak ezagutzeaz gain, praktikak egiteko aukera izango dute 14 urtetik gorakoek, Udaletxean eskainiko den aurpegia margotzen ikasteko tailerrarekin.
Alex Txikon mendizale lemoarra izango da asteazkeneko protagonista, arratsaldeko 19.00etan ‘Beste era batera’ izenburua duen hitzaldia eskainiko baitu Liburutegi zaharrean.
Unai Iturriaga eta Fredi Paia bertsolariak izango dute ostiraleko protagonismo nagusia gaueko 21.00etatik aurrera burutuko den bertso-afariarekin, agerraldiko gai-jartzailea Eneko Abasolo ‘Abarkas’ izango dela. Herriko Tabernan burutuko den ekitaldi horretan parte hartzeko, beharrezkoa da txartelak erostea Herrikon bertan, U2n edo Errekondon.
XX. eta XIX. edizioak burutuko dituzte igande goizean izango diren Artisau, elikadura eta landare azokak eta Ahuntz azpigorri monografikoak, hurrenez hurren. Herriko plazan kokatuko diren postuen ortuariak, gazta, ogia, foie, txokolatezko trufak, eztia, euskal pastela, gozogintza edo txakolina izango dira eta frontoian haur eta gazteendako artisautza tailerrak antolatu dituzte. Gainera, kaktus, bonsai eta lore mintegiek gerturatutako landareak ere izango dira.
Aurtengo Kultur Astea 23an izango den abesbatzen kontzertuarekin osotuko da. Udaberriko Kontzertuak egitasmoaren baitan antolatutako agerraldia 20.00etan hasiko da Andra Mari elizan eta herriko Kirikiño Abesbatzaz gain, Bilboko Garaizarko Matsorriak eta Urduñako Sociedad Coral kantari arituko dira.