
Zaldibarko Zaldua Mendi Taldeak III. Mendi Jardunaldiak hasiko ditu gaur bertan Alex Txikon mendizale lemoarraren hitzaldiarekin. Iragarritako egitaraua datozen bi eguenetan emango diren pelikulekin osatuko da eta saio bietan iazko Bilbao Mendi Film Festivaleko pelikula onenak ikusteko aukera egongo dela.
Alex Txikonek ‘Everest neguko espedizioa’ izenburuarekin emango duen hitzaldia arratsaldeko 18:30eahn hasiko da Liburutegi zaharrean. Berbaldian, 2018 neguaren amaieran munduko mendi garaienera igotzeko ahalegin ustelaren berri emango du. Lemoarraren espedizioak Pumori mendia (7100 metro) igo zuen Himalayara egokitzeko eta Everesterako igoera 7.850 metroko altueraraino hornitu bazuen ere, atzera egin behar izan zuen eguraldi txarragatik.
Mendi Jardunaldiak datorren eguenean, hilak 9an, jarraituko dute Bilbao Mendi Film Festivalak aukeratutako hiru filmen emanaldiarekin. Liburutegi zaharrean, arratsaldeko 18:30ean hasiko den saioa ‘The Search for the Wooo’ filmarekin abiatuko da eta ondoren 2018 labur onenaren saria eskuratu zuen ‘Viacruxis’ emango da. Emanaldia ‘Age of Ondra’rekin osatuko da.
Zaldibarko Mendi Jardunaldiak maiatzaren 16an ikusgai jarriko dituen pelikula sortarekin amaituko da. Egun horretako egitarauan sail ofizialean eman ziren ‘Wallmapu’, ‘RJ Ripper’, ‘Liv Along The way’ eta ‘Up to speed’ pelikulak tartekatuko dira.