Alipio Ruano margolari gasteiztarrak irabazi zuen Iturrizoro elkarteak antolatutako XXVIII. ‘Errebonbillo’ margo lehiaketa. Zapatu goizean egin zen lehiaketara Euskal Herriko artistak zein inguruetatik gerturatutako ia 30 margolari aurkeztu ziren.
Ruanok, beste partaide guztiek bezala, bost ordu eta erdi zituen gehienez bere lana egin eta emateko eta obrak Elorrioko txokoren bat islatu behar zuen. Irabazleak 700 euroko saria eskuratu zuen.
Bigarren saria, 450 eurokoa, Santanderreko García Cossio margolariarentzat izan zen, Berrio-Otxoa kalean dagoen errebonbiloaren eskultura eta inguruak islatzen dituen lanagatik. Hirugarren saria, 350 eurokoa, Bilboko Carlos Espigarentzat izan zen, herriko industriguneko enpresen hondakinak erakusten dituen obragatik.
Herriko artista onenaren saria, 150 eurokoa, Maite Zubiarentzat izan zen San Agustin Etxebarria eta Durangaldeko mendikatea erakusten duen margolanagatik.
Lehiaketara aurkeztutako obra guztiak Iturri Kultur Etxeko aretoan egongo dira ikusgai hamar egunez eta norbaitek lanen bat erosi nahi badu, “Iturriko harreran eska dezake margolarien telefono zenbakia eta berarekin erosketa lotu”, Iturrizoro elkartearteko kideek adierazi dutenez.