Atxondoko EH Bilduk kritika zorrotza egin dio Xabier Azkarateri eta atzo argitaratutako prentsa oharrari, alkateak “erantzun gabe” jarraitzen duelako Covid-19aren krisiaren inguruan eta Abiadura Handiko Trenari buruz egindako proposamenei. Koalizio sobrenaristako zinegotziek ez ziren agertu atzo egin zen Bozeramaileen Batzordean eta horrek Udal Gobernu taldearen deitoratze publikoa ekarri zuen.
Ezker abertzaleko kideen arabera, koronabirusak eragindako osasun-krisia eta AHTren lanak dira gaur egun “atxondotarren ardura nagusiak” eta bi gai horien inguruan azken bi hilabeteetan egindako proposamen eta eskaerak “ez dira urgentziazkoak gure alkatearentzat, antza”.
Koalizio horretako lau zinegotziek sinatutako prentsa ohar baten, bi gaien inguruan egin dituzten ekarpenen zerrenda aurkeztu dute. Lehenengo proposamenean, martxoaren 10ean egina, AHTren obren inguruko irregulartasun batzuen txosten bat aurkezteaz gain “jarraipen bat eta erantzun bat eskatzen genion Udalari” eta “oraindik ez dugu erantzunik jaso”.
Gobernu taldearen inoperantzia
Horren ondoren, Covid-19aren ondorioei aurre egiteko 10 proposamen jasotzen zituen idatzi bat aurkeztu eta “mahai bat eratzea” eskatu zuten. Eskaria “Udal gobernu taldearen inoperantzia ikusita” egin zuten eta “gaur oraindik ez dugu erantzunik jaso”.
Apirilaren 16an, AHTren obretako kamioiak herriaren erditik pasatzen ari zirela eta, “urgentziazko bilera bat eskatu genion alkateari eta udal teknikariari, bi egunetako epean. Tarte horretan ezin zela erantzun ziguten eta hurrengo asterako eman ziguten hitzordua”, EH Bilduren arabera. Kasu horretan, “egoera eta herritarren ezinegona ez omen zen urgentziazkoa gure alkatearentzat”, adierazi dute.
Orain direla 10 egun, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari AHTren obrak bertan behera uzteko eta horretara bideratzen den dirua Covid-19ak sortutako egoera ezberdinei aurre egiteko bideratzea eskatu zuten. Ekarpenak ez du erantzunik jaso “eta hurrengo batzorde edota plenorik noiz izango den ere ez dakigu”.
Domeka goizean udaletxeko fatxadak eta Azkaratek jasotako erasoei erantzuna emateko “alkateak 24 ordu baino lehenagoko epean urgentziazko Bozeramaileen Batzordea” deitu zuen. EH Bilduko zinegotziek, lana, zaintza edo gaixotasun arazoak zirela eta, “ostegunera atzeratzea” eskatu bazuten ere “gure eskaera entzungor egin du”.