
Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak 63.000 euroko diru-laguntzak banatuko ditu gizarte ongizate zein euskarari lotutako lau egitasmoen artean. Deialdi guztiak eskualdeko erakundearen webgunean (www.mdurango.org) argitaratu berri dira.
Aurreikusitako diru kopuru horren atal nagusia, 50.000 euro alegia, gizarte ongizate arlora bideratuko da. Irabazi asmorik gabeko erakundeek desgaitasun intelektuala duten pertsonak gizarteratzeko egiten duten lanak, 30.000 euroko diru-laguntza izango du.
Laguntza horiek bi helburu nagusitarako bideratuko dira. Alde batetik, desgaitasun intelektuala duten pertsonen autonomia kirolaren edo aisiaren bidez bultzatzeko, eta bestalde, desgaitasuna duten pertsonei konpainia egiteko programa, familiek atsedena hartzeko tarteak izan ditzaten.
Gizarte ongizate arloko bigarren deialdirako 20.000 euro bideratu ditu Amankomunzagoak. Kasu onetan, garapenerako lankidetzako proiektuak zein garapen bidean dauden herrialdeetako haurren aldi baterako egonaldiak lagunduko dira.
Euskaren eremuan bideratutako diru-laguntza 13.000 eurokoa izango da eta bi arlotan eragingo dute. Alde batetik, irabazi asmorik gabeko elkarte edo entitateek euskara sustatzeko ekintzak gara ditzaten, eta bestetik, merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan diharduten establezimenduek kanpoko errotuluak eta webguneak euskaraz jar ditzaten.
Irabazi asmorik gabeko elkarte edo entitateek euskara sustatzeko bideratutako 10.000 euroek, ekintzak garatzen laguntzeko helburua dute. Diru-laguntza jaso ahal izateko, programak edo ekintzak Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko euskara zerbitzua osatzen duten herri guztietan edo batzuetan garatu beharko dira; alegia, Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Iurreta, Izurtza, Mañaria edo Zaldibarren.
Gainontzeko 3.000 euroak merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduetako kanpoko errotuluak edo webguneak euskaraz jartzeagatik jasoko dituzte. Eskualdeko hizkuntza-paisaian eragiteko helburua duten diru-laguntza hauek, enpresa txikientzat bideratuta daude eta onuradunek, gehienez, 500 euro jaso ahal izango dituzte.
Informazio gehiago: www.mdurango.org web orrian edo euskarari dagozkien diru-laguntzetarako Euskara Zerbitzuko webgunean (www.durangaldeaeuskaraz.eus) edo 946232522 telefonoan.