
Durangaldeko Amankomunazgoaren osoko bilkurak euskararen erabilera indartzeko bideratuko diren diru-laguntza bi eratzea onartu du. Alde batetik, euskara sustatzeko ekintzak garatzeko emango direnak eta, bestetik, merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan, kanpoko errotuluak eta webguneak euskaraz jartzeko bideratuko direnak.
Euskara sustatzeko ekintzak diruz laguntzeko, Durangaldeko Amankomunazgoko euskara zerbitzua osatzen duten herri guztietan edo batzuetan garatu behar da ekimena; alegia, Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Iurreta, Izurtza, Mañaria edo Zaldibarren.
Gainera, familia bidezko transmisioa, arlo sozio-ekonomikoa, aisia eta kirola, kulturgintza, hedabideak, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, eta, sentsibilizazioa eta motibazioa esparruekin lotura izan beharko du.
Bestalde, errotuluak eta webguneak euskaraz jartzen dituzten establezimenduei dagokienez, horiek ere Amankomunazgoko euskara zerbitzua osatzen duten herrietan egon beharko dute. Halaber, diru-laguntza hauek bateragarriak izango dira beste erakunde batzuek helburu berberarekin argitaratzen dituztenekin.
Diru-laguntza bi horien deialdiak irailean argitaratuko dira.