
Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak #Klak! proiektua garatuko du 2019-2020 ikasturtean ere, Durangaldeko gazte ikasleen artean euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin. Izan ere, proiektuak “epe luzera begirako helburuak” dituela adierazi dute Amankomunazgotik.
Hasi berri den ikasturtean ere euskararen erabilera soziala bultzatzeko erronka duen egitasmoa garatuko dute Amankomunazgoak eta ekimenaz arduratzen den Berbaro elkarteak. Motibaziotik ekintzetarako jauzia oinarri duen #Klak! proiektua, Durangaldean batxilergoa eskaini zuten bost ikastetxetan gauzatu zen aurreko ikasturtean. Guztira, San Jose Jesuitak, Juan Orobiogoitia, Fray Juan de Zumarraga, Maristak eta Ibaizabaleko 200 bat gaztek egitasmoarekin harreman zuzena izan zuten.
Hala ere, “aurreko urteko esperientziak zer hobetu” baduela erakutsi die eragileei. Esate baterako “planteamendua ikastetxe bakoitzaren errealitatera egokitzea edota euskara taldeen autonomian sakontzea”. Hori horrela, orain arte ikusitako eta ikasitakoak hartuko dira abiapuntu ikasleek euskararen inguruko gogoeta egin eta lanean jarrai dezaten.
Hizkuntza ohituretan eragin eta euskara erabiltzeko urratsa eman dezaten, aisialdiarekin eta gozamenarekin lotutako erronka eta ekintza desberdinak proposatu zitzaien bost ikastetxeetako gazteei. Gainera, #Klak! proiektua parte hartzailea eta dinamikoa izanik, ikasleen hausnarketa eta esperientziak ere kontutan hartu eta momentuko beharrizanetara egokitu zen; beti ere, ezarritako helburua ipar hartuta.
Hori horrela, hainbat izan ziren ikasturtean zehar aurrera eramandako erronka eta ekintzak. Azaroan, esaterako, ‘500 argazki baietz!’ ekimena burutu zen Euskaraldiaren baitan. Erronkak gazteek sarean euskara erabiltzea zuen helburu, eta horretarako, astebetez instagramera euskarazko esaldiez lagundutako argazkiak igo behar izan zituzten. Apirilean, berriz, #Klak! proiektuko kideak asteburu pasa joan ziren Zarautzera eta egun horiek elkar ezagutzeko, motibatzeko, talde izaera indartzeko eta bakoitzaren euskararekiko harremanaz hausnartzeko baliatu zituzten.
“euskerie da geure territorio libre bakarra”
Ánimo ekimen honekin eta aurrerantzean egin beharrekoekin. Euskara etsai asko baditu baia maitale amorratuak ere asko gara. klik eta KLAK!