
Durangoko Amankomunazgoak ‘Oinaka lurrean. Durangaldeko lurralde garapenaren erronkak’ deituriko jardunaldia egingo du ekainaren 7an. Plateruena Kafe Antzokian egingo den ekimena arlo desberdineko bost adituk eskainiko dituzten hitzaldiekin osatuko da.
Gaur egungo gizarte zein ekonomia arloan nabaria den krisi sistemikoak eraginda, “gogoeta“ bultzatzeaz gain “Mankomunitateak joka dezakeen lidergo instituzionala agertu nahi dugu erronka kolektiboari begira”, jardunaldiak koordinatzen dituen Augusto Uriarte Durangaldeko Behargintzaren zuzendaria eta jardunaldiaren koordinatzailearen esanetan.
Ekimen honen bidez “garapen planteamendu berritzaileak eta baliabide endogenoetan zein lurralde kapitalean oinarritutako prozesuak bultzatu beharra dagoela” uste du Uriartek.
‘Oinak lurrean’ goiburupean egingo den jardunaldian nazioarteko hirigintzan egindako esperientziak zein Euskal Herria landutako garapen ereduak ezagutzeko aukera egongo da. Goizeko lehen saioan Albert Cuchí arkitektoak “Giza metabolismoa eta hirigunea” gaiari buruz mintzatuko da. Hainbat erakundeko aholkularia izan den Cuchík, arkitektura eta jasangarritasunaren arteko harremana lantzen du bere zereginean.
Goizeko saioa osatuko duen bigarren hitzaldiak “Lurraldeko eskubidea” izango du izenburu eta hizlaria David Gutiérrez-Solana arkitekto hirigilea izango da. Hizlariak hirigintza, paisaia, ingurumena eta lurralde antolaketa aholkularitza lanak egiteaz gain hirigintza plangintzako erredakzio lanetan dihardu.
Juan Requejo ekonomialariak eta geografoak eskainiko duen “Lurraldean oinarritutako garapena” hitzaldiarekin hasiko da arratsaldeko saioa. Nazioarteko erakunde ezberdinetarako lana egiteaz gain, Requejo Lurralde Plangintza maila ezberdinetako lanetan zein esparru sektorial ezberdinetan aritu da.
Urduña eta Sakanako ereduak
Urduñan hamar urtez lantzen ari den Garapen Agroekonomikoari buruz arituko da jarraian Marijo Imaz Ingeniaritza Agronomoan doktorea eta Urduñako Udaleko sustapen arloko teknikaria. Imazek herriko trantsizio agroekologikoan dihardu 2006tik eta Aiaraldeko Eskualdeko Elikadura Kontseiluan hartzen du parte.
Jardunaldiko azken hitzaldia eskainiko duen Joseba Garmendia Ekonomian eta antropologian lizentziatuak, “Tokiko Garapen Endogenoaren ikuspegi teoriko eta praktikoak” izango ditu hizpide. Tokiko garapenaren arloan egindako ikerketa akademikoaz gain, Euskal Herriko hainbat esperientzietan parte hartu du, Sakanako bailaran azken urteetan eraiki den garapen estrategia osatzen lagundu duena, tarteko.
Jardunaldietan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea Durangaldeko Behargintzan ekainaren 3a orduko, 94 623 25 22 telefonora deituz edo behargintza.mdurango@bizkaia.org idatziz.