Bueltan da ‘Bertokoak Berton’ programa, udalerriko landa-auzoak biziberritzeko eta kultur zein gizarte ekintzak Amorebieta-Etxanoko auzoetara zabaltzeko diseinatutako ekimena. Oraingoan ere, programa honen bitartez, jarduera ugari eskainiko dira, otsailetik maiatzera bitartean, Euba, San Miguel, Etxano eta Boroako auzoetan, herritar orori zuzenduak.
Iaz bezala, auzo bakoitzak bere egitaraua izango du, kultur, gastronomia zein gizarte arloko proposamenez osatua, hala nola, collage, zeramika, txalaparta, kriseilu edota midori tailerrak, zein gazta eta ostren dastaketak. Horrez gain, iaz bezala, auzo bakoitzak ekintza bereziak izango ditu, gainerako ekintzen moduan, auzoz-auzo errepikatuko ez direnak eta berrikuntza gisa, programari amaiera emateko Pasaiara irteera egingo da, ekainaren 7an.
Otsailetik ekainera bitarteko egitaraua
- Kriselu jasangarriak: material jasangarriak erabiliz (paper birzilatua, zuhaitz-adarrak, loreak, hostoak….) ingurugiroarekin begirunetsuak diren kriseilu ederrak sortzeko ikastaroa Euban eta Etxanon eskainiko da. .
- Txalaparta tailerra: Tailer hau Boroa eta San Migelen egingo da, euskal musika tresna tradizionala hau jotzen ikasteko.
- Midori tailerra: midori bat Japonian oso ezaguna den bidaiatzeko koaderno bati dagokion izena da, horrenbestez, tailer honen bitartez, parte-hartzaileek horrelako koaderno bat egiten ikasiko dute. Tailerra Etxanon eta Euban eskainiko da.
- Kalabaza tailerra: Euban egingo da eta kalabaza oinarri hartuta 4 kontserba mota sukaldatuko dira, gozotik gazira.
Horrez gain, lau auzoetan egingo dira:
- Gazta dastaketa, garagardo artisauarekin: ekintza honen bitartez gazta ezberdinak dastatu eta garagardo artisauekin uztartu ahal izango dituzte parte-hartzaileek.
- Ostra tailerra eta dastaketa: Ostrak irekitzeko teknika ikasi eta dastatu egingo dituzte parte-hartzaileek.
- Zeramika tailerra: Zeramikako tailer praktikoa, pieza bat eraiki eta hainbat materialekin trebatzeko.
- Collage tailerra: Ines Bermejo Larrañaga artista bisualaren eskutik, teknika propioa bilatuz, pertsona bakoitzaren sormena eta originaltasuna garatuko da.
Ekintza bereziak
- Etxanon, Gurutze Beitiaren bakarrizketa eskainiko da otsailaren 22an, umore eta bizitzako anekdotaz beteriko ikuskizuna eskainiz.
- Euban, Gonzalo Portugalen kontzertua eskainiko da, maiatzaren 10ean.
Programari amaiera emateko irteera
Ekitaldi sorta borobiltzeko, ekainaren 7an Pasaia aldera irteera antolatu da. Bertan, parte-hartzaileek itsas historia jasotzen duten Albaola Itsas Faktoria bisitatuko dute eta bazkaria ere eskainiko zaie bertan.
Jarduera honetan parte hartu nahi dutenek maiatzaren 2a baino lehen eman beharko dute izena, Udalak jarritako formularioaren bidez.
Landa auzoak integratzea eta dinamizatzea helburu
Bertokoak Berton Arkalaz ekimenaren baitan sortu zen eta helburu du udalerriko eremu guztiak integratu eta kohesionatzea, eremu bakar bat ere baztertuta gera ez dadin.
Hala, “Bertokoak Berton” programa sortzeko Euba, San Migel, Etxano eta Boroako bizilagunekin bilerak egin eta haien proposamenak jaso zituen aurrez Udalak eta ohiko moduan, oraingo egitaraua ere auzotarren ekarpenak aintzat hartuta osatu du, betiere auzotarren interesei erantzungo dieten programazioa sortzea helburu izanik.